Berriz hartzeko akordioak

||

Akordio horiek Europar Batasunaren estrategia zabal baten barnean hartuta daude, estrategia hori Tampereko, Laekengo eta Sevillako Europako Kontseiluen esparruan itunduak izanik, “legez kanpoko” immigrazioaren aurka borrokatzeko. Europar Batasunaren eta hirugarren herrialdeetako bere bazkideen lankidetzarako konpromisoak barnean hartzen dituzte, administrazio-irregulartasuneko egoeran dauden pertsonen kaleratzea errazteko eta pertsona horiek beren herrialdeetan edo hirugarren herrialdeetan berriz hartzeko.

Orain arte, Kontseiluak baimena eman dio Europako Batzordeari berriz hartzeko akordioak negoziatzeko 17 eskualde-erakunde eta hirugarren herrialdeekin: Maroko, Sri Lanka, Errusia, Pakistan (2000), Hong Kong, Macau (2001), Ukraina (2002), Albania, Aljeria, Txina eta Turkia (2002), Bosnia-Herzegovina, Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika zaharra, Montenegro eta Serbia (2006), Moldavia (2006) eta Georgia (2008).

Bidezko ziren negoziazioak amaitu ondoren, Hong Kong (2004), Macau (2004), Sri Lanka (2005), Albania (2006), Errusia (2007), Bosnia-Herzegovina, Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika zaharra, Montenegro, Serbia eta Moldavia (2008), Pakistan (2008) eta Georgiarekin (2010) sinatutako akordioak indarrean sartu ziren. Aljeria, Txina, Maroko eta Turkiarekin oraindik negoziatzen ari dira.

Gainera, 2000ko ekainean, batetik Afrikako, Karibeko eta Ozeano Bareko estatuen eta bestetik Europako Erkidegoaren eta haren estatu kideen artean sinatu zuten Elkartzeko 2005/483/EE Akordioak, Cotonoun (Benin) sinatu zenak eta ‘Cotonouko Akordioa’ izenarekin ezagutzen denak, berriz hartzeko klausula baten printzipioa ezarri zuen garapenerako laguntzaren kontrapartida gisa.

Esparru horretan, estatu espainolak hamarkada bat baino gehiago darama akordioak negoziatzen errefuxiatuen eta etorkinen jatorriko eta igarotzako herrialde nagusietako batzuekin, babes materiala, ekonomikoa eta giza babesa emateko, beren kostaldeetako irteera kontrola dezaten eta etorkin irregularren aberriratzea eta berriz hartzea gauza dezaten.

Lehen akordioek berriz hartzeko jarraibideak finkatzen zituzten soilik. Ondoren migrazio-fluxuen kudeaketa garapenerako lankidetzarekin lotzen zituzten akordioak lortzen hasi ziren, “bigarren belaunaldiko hitzarmenak” deitutakoak. Beste akordio batzuk ere badaude, informalagoak direnak, administrazio- eta kontsul-agintaritzen bitartez egiten direnak eta parlamentu-izapidetzerik behar ez dutenak eta bide ofizialen bitartez jendaurrean jartzen ez direnak, eta beraz, beti ezagutzen ez direnak.

Espainiako estatuak ‘Aberriratze-akordioak’ sinatu ditu Nigeriarekin (2001), Ginea Bissaurekin (2003) eta Mauritaniarekin (2003); ‘Migrazio-lankidetzarako eta Berriz hartzeko Esparru Akordioak’ Gambiarekin (2006), Ginearekin (2007), Cabo Verderekin (2008), Malirekin (2008), Nígerrekin (2008) eta Ginea Bissaurekin (2009); ‘Legezko migrazioa sustatzeko akordioa’ Mauritaniarekin (2007) eta ‘Inoren kargura ez dauden adingabeen legez kanpoko migrazioa prebenitzeko akordioa’ Senegalekin (2008).

Giza eskubideei buruzko klausulak izan arren, ezinezkoa da horien aplikazioa gainbegiratzea kontrol-mekanismorik ez dagoelako. Modu seguru eta erregularrean migratzeko aukerak, gainera, oso txikiak dira. Akordioetan ez dira agertzen estatu espainolaren betebehar gisa, izan ere, lan-merkatuaren egoeraren baldintzapean geratzen baitira.

Print Friendly

Hirugarren herrialdeak erantzunkide egiteko eta garapenerako laguntza immigrazio irregularraren aurkako borrokara baldintzatzeko estrategia horrekin batera, Garapenerako Lankidetza interes pribatu espainiarren zerbitzurako enpresa-inbertsio bihurtzen ari da gero eta gehiago. Berriz hartzeko akordioak Europar Batasunaren kanpoko mugak esternalizatzeko estrategia osatzen duten migrazio-kontroleko politiken barnean daude hartuta. Arreta berezia jartzen zaie errefuxiatuak bidaltzen dituzten herrialdeekin lortutako akordioei. Akordioak indarrean dauden herrialdeetako 168.000 pertsona nazionalek baino gehiagok eskatu zuten asiloa Europan 2011. eta 2012. urteetan: Sri Lanka (12.527), Albania (9.701), Errusia (35.523), Bosnia-Herzegovina (7.767), Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika zaharra (11.529), Serbia (40.713), Pakistan (34.215) eta Georgia (16.331), UNHCRren datuen arabera. Estatu espainolaren kasuan, Asilo eta Babes Bulegoaren (OAR) behin behineko datuen arabera, 2013. urtean 4.502 asilo-eskaera egin zituzten batez ere Malitik (1.478), Siriatik (725), Aljeriatik (351), Nigeriatik (182), Somaliatik (132), Palestinatik (130) eta Pakistanetik (102) zetozen pertsonek.

Bibliografia

  • EBren webgunea:http://www.europa.eu

  • UNHCR (2013): Asylum Trends 2012. Levels and Trends in Industrialized Countries. Geneva.

  • Azkona, N. (2013): La coherencia de los Planes África a examen: La relación entre los flujos de migración y los fondos de cooperación al desarrollo entre África Occidental y la Unión Europea. UPV-EHU, 2013ko ekaina.

  • CEAR-Euskadi (2010): Behartutako lekualdaketak: Giza Eskubideak Asilo Eskubidearen ikuspuntutik. Errebindikazioak eta aldaketa-proposamenak. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo.

  • Asín, M. A. (2008): ‘Los Acuerdos Bilaterales suscritos por España en materia migratoria con países del continente africano: especial consideración de la readmisión de inmigrantes en situación irregular’, in: Inmigración y Unión Europea. Revista de Derecho Constitucional Europeo aldizkarian, 5. urtea, 10. zk., 2008ko uztaila-abendua.

  • Serón, G.; Jolivel, A.; Serrano Martín de Vidales, M.; Gázquez, J. L. (2011): Coherencias de políticas españolas hacia África: Migraciones. Grupo de Estudios Africanos, Línea de Investigación en Migraciones, de la Universidad Autónoma de Madrid. 2011ko azaroa, Madril

  • CEAR (2014): La situación de las personas refugiadas en España. Informe 2014. Espainiako Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea. Los libros de la catarata, Madril.