Asiloa mugan

||

Estatu baten mugan egindako asilo-eskaera.
Estatu espainolaren kasuan, aireportuetan, portuetan eta lurreko mugetan egiten da eskaera.

Asilo-eskaera mugako postu batean egiten bada, prozedura arruntaren fase berberak dauzka prozedurak, baina zenbait alde nabari dira, epeei dagokienez batik bat.

Kasu horretan, pertsona ez da Espainiako lurraldean sartu, eta mugako postuan kasu horietarako gaitutako dependentzietan atxikiko dute, izapidetzeak dirauen bitartean. Eskaera egiten denetik, lau egun balioduneko epea dago izapidetzea onartzeko edo ez onartzeko ebazpena edo ukatzeko ebazpena emateko .

UNHCRk eskatuta, epe hori hamar egunera luza daiteke, baldin eta Barne Ministerioak alegatu badu, eskaera ukatzeko, eskatzailea erori egiten dela Asilo Legean bildutako baztertze- edo ukatze-kasuren batean.

Izapidetzea ez onartzeko edo eskaera ukatzeko ebazpena eman ondoren, bi egun balioduneko beste epe bat irekitzen da eskaeraren berrazterketa eskatzeko. Ebazpena emateko, bi egun balioduneko beste epe bat irekitzen da. Berrazterketa horren ondorioz beste ukatze edo ez-onartze bat ematen bada, aldez aurretik aipatutako errekurtsoak berriz ere jartzeko aukera dago.

Epe hori edo lau egunekoa (hamarrera luza daiteke, lehen esan dugun bezala) betetzen ez bada, eskaera prozedura arruntetik izapidetu behar da.

Izapidetzea onartzen bada, eskatzaileak Espainiako lurraldean sartzeko aukera izan dezake. Hortik aurrera, presako izapidetzea jarriko da martxan, eta horri esker epeak erdira murriztuko dira, hau da, espedientea hiru hilabetean bideratuko da, sei hilabetean bideratu beharrean.

Eskaera Atzerritarrak Barneratzeko Zentro batean (ABZ) egiten bada, mugako asiloaren araberako izapidetzea egingo da, nahiz eta pertsona Espainiako lurraldean egon.

Print Friendly

Bibliografia

  • 12/2009 Legea, urriaren 30ekoa, asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen duena.