Inskripzio-zedula

||

Identifikazio-agiria, Espainiako agintariek ematen dutena atzerriko herrialde bateko nazionala pasaportearekin dokumentatu ezin daitekeenean bere jatorriko herrialdearen eskutik.

Dokumentu hori emateko, salbuespenezko arrazoi humanitarioek edo interes publikokoek egon behar dute tartean, edo estatu espainolak hartutako konpromisoak bete beharrak. Urteko indarraldia du, eta, beraz, epe hori amaiturik berritu behar da.

Eskatzaileak Polizia Nazionalaren polizia-etxera edo Atzerritarren Bulegoetara jo behar du eta bere identitatearen eta jatorriaren frogak aurkeztu, frogarik badu behintzat. Notario-frogak ere aurkeztu behar ditu, bere herrialdeko diplomaziako misioan edo kontsul-bulegoan dokumentazioa lortzen ahalegindu dela egiaztatzeko. Gainera, inskripzio-zedula emateko deskribatutako betekizunak betetzen dituela ere alegatu beharko du.

Dokumentu hau identifikazio-xedeetarako da baliagarri, baina ez du baimenik ematen estatu espainolean bizi edo lan egiteko. Alabaina, eskaerarekin batera, arrazoi humanitarioengatiko aldi baterako bizileku-baimena izapidetzeko aukera dago. Kasu horretan, arrazoi larriak direla medio, eskatzailearentzat ezinezkoa gertatu bada diplomaziako misiora edo kontsul-bulegora jotzea, ez du notario-froga aurkeztu beharko, eta, ofizioz, Asilo eta Babes Bulegoari (ABB) jatorriko herrialdeari buruzko txostenak eskatuko zaizkio.

Zedulak ez du indarrik aurreikusitako epean berritzen ez bada, eskatzailea beste herrialde baten eskutik dokumentatua badago, edo Espainiako nazionalitatea edo dokumentazioren bat lortzea ahalbidetzen dion beste nazionalitate bat lortzen badu.

Print Friendly

Bibliografia

  • 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoa.

  • 557/2011 Errege Dekretua, apirilaren 20koa; Errege Dekretu honen bidez onartu egiten da 4/2000 Lege Organikoaren Araudia, Espainian dauden atzerritarrek dituzten eskubide eta askatasunei eta euren gizarteratzeari buruzkoa.