Nouadhibouko (Mauritania) atxilotze-zentroa

||

2003. urtean Espainiak eta Mauritaniak Aberriratze Akordio bat sinatu zuten Mauritaniak Saharaz azpiko Afrikako hainbat herrialdetatik (Mali, Senegal, besteak beste) botatako pertsonak bere lurraldean berriro hartzeko, eta Europarantz irteera gehiago egin ditzaten saihesteko. Behin Mauritanian daudela, Maliko nazionalak bi herrialde horien arteko mugako hainbat puntutara aberriratzen dituzte, eta gainerakoak Senegalekiko mugara eramaten dituzte, Rosso herrira.

Esparru horretan, 2006. urtean Nouadhibouko Atxilotze Zentroa eraiki zen, Europarako bidean atzemandako etorkinak atxilotzeko helburuarekin. Espainiako armadak, Nazioarteko Garapen Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) finantzaketarekin, eskola zahar hori atxiloketa-zentro bihurtu zuen. Zentroaren barnean, Gurutze Gorria “asistentzia-zereginez” arduratzen da.

Bertako zeldatan batez ere senegaldarrak eta maliarrak daude. Poliziak sarekadak egiten ditu kostaldean, portuan eta hiriko kaleetan. Ez zaie galdetzen beren helburua Europara bidaiatzea ala Mauritanian geratzea ote den.

2008. urtean, Amnistia Internazionalaren txosten baten ondoren, non salatzen zen hilero 300 pertsona ere atxilotzen zituztela inolako kontrol judizialik gabe, CEAR zentrora joan zen egoera ebaluatzeko. Bisita horretan egiaztatu zuten pertsonak inolako prozedura formalizaturik gabe atxilotzen dituztela, administrazio-ebazpenik ez dagoela, ezta administrazio-agintarien edo agintari judizialen aurrean errekurtsoak jartzeko aukerarik ere, eta letratuaren edo interpretariaren laguntzarako eskubiderik ere ez dagoela.

Araudia aztertu eta agintarien deklarazioak entzun eta gero, ondorioztatzen da Zentroak ez duela lege-oinarririk. Ondorioz, ez dago estipulatuta atxilotuta egoteko gehieneko denbora, 3 eta 15 egun bitartekoa izan daitekeena, agintariek 15 edo 20 pertsona biltzea lortzen duten arte, mikrobus bat bete ahal izateko. Pertsonei ez zaie adierazten noiz eta nola egingo diren lekualdaketak. Senegaleko edo Maliko mugarainoko bidaia 20 ordutik gorakoa izan arren, pertsona horiei gaileta batzuk eta botila bat ur besterik ez zaie ematen. Zenbaitek adierazi dute uzten dituzten lekutik beren herrixkara iritsi arte kilometro asko egin behar dituztela (1.000 baino gehiago), eta ez dutela inolako baliabiderik hori egiteko. Agintariak eta giza eskubideen erakundeak ohartu direnez, aberriratzea gertatu eta gero aukerarik orokorrena beste ahalegin bat egitea da.

Print Friendly

Mauritaniako “Guantanamito” gisa ezaguna dena (Nouadhibouko École Six zaharra), Europako gobernuen eta errefuxiatuen eta etorkinen jatorriko eta igarotzako herrialdeen arteko itunen indarrez Afrika iparraldean sakabanatuta dauden zentro ugarietako bat besterik ez da. Migrazioa kontrolatzeko beste hainbat tresna eta neurrirekin batera, Europar Batasunak eta estatu espainolak mugak esternalizatzeko duten estrategiaren barnean dago hartuta.

Bibliografia

  • CEAR-Euskadi (2010): Behartutako lekualdaketak: Giza Eskubideak Asilo Eskubidearen ikuspuntutik. Errebindikazioak eta aldaketa-proposamenak. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo.

  • CEAR (2008): Informe de Evaluación del Centro de Detención de Migrantes en Nouadhibou (Mauritania). Espainiako Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea.

  • Hainbat egile (2013): ¿Qué hacemos para conectar la crítica a la movilidad en el capitalismo con la lucha contra las políticas migratorias y las fronteras? AKAL, Madril.