Etorkinak Behin-behinekoz Barneratzeko Zentroa (EBBZ)

||

Establezimendu publikoak, Etorkinak Integratzeko Zuzendariordetza Nagusiak kudeatuak. Lehen harrerako bitarteko gisa eratu dira, eta oinarrizko gizarte-zerbitzu eta prestazioak (besteak beste, ostatua eta mantenua, laguntza psikosoziala eta sanitarioa, lege-laguntza eta aisia-jarduerak) jartzen dituzte Ceutako eta Melillako Hiri Autonomoetara iristen diren etorkinen eta asilo-eskatzaileen eskura.

Melillako EBBZ 1999an hasi zen abian, eta 472 plaza ditu guztira. Gaur egun, 900 pertsona hartzen ditu, gutxi gorabehera. Ceutakoa 2000. urtean inauguratu zen, eta 512 pertsonarentzako edukiera du.

Errefuxiatuak Hartzeko Zentroekin (EHZ) batera, migrazio-zentroen sare publikoa osatzen dute.

Gorte Orokorrei urtero igortzen dion txostenean, estatu espainoleko Herriaren Defendatzailea kezkatuta azaldu zen Ceutako eta Melillako EBBZetan bizi diren eta nazioarteko babesaren premia duten pertsonen egoera dela-eta, eta Asiloari Laguntzeko Europako Bulegoa (ALEB), UNHCRk estatu espainolean duen ordezkaritza eta Nazio Batuen arrazakeria modu garaikideei, arraza-diskriminazioari, xenofobiari eta lotutako beste intolerantzia mota batzuei buruzko Errelatore berezia bat etorri dira kezka horrekin.

Ildo horretan, bereziki bi gairi dagokienez ageri dute kezka. Lehenik eta behin, zentro horietan nazioarteko babesa jasotzeko eskaera kopurua gero eta txikiagoa dela egiaztatu dute, eta salatu dutenez, hori hala da estatu espainolak eskatzaileei zirkulazio askerako mugak jarri dizkielako eskaera izapidetzen ari den bitartean, nahiz eta ebazpen judizialetan, behin eta berriz, asiloa eskatu eta eskaera izapidetzeko onartu zaien pertsonen demandak aintzat hartzen ari diren, penintsulan sartu ahal izateko baimena emateko.

Ohartarazten dutenez, bestelako interpretazioak konstituzio-printzipioen kontra joango lirateke, baita funtsezko eskubideen interpretazio murriztaileen inguruko konstituzio-jurisprudentziaren kontra ere.

Azken batean, praktika horren ondorioz, Hiri Autonomoetan asilo-eskaerak ia-ia desagertu dira, baita nazioarteko babesaren premia larria den kasuetan ere, Maliko eta Siriako nazionalek gaur egun bizi duten egoeran, esaterako.

Gainera, Ceutako eta Melillako EBBZko instalazioak egonaldi luzeetarako desegokiak direla adierazi dute, eta, hori gutxi balitz, nazioarteko babesaren premia duten pertsonei laguntza espezializatua ematea ezinezkoa da.

Deskribatutako egoeren ondorioak askotarikoak dira eta zuzenean eragiten dute, batetik, nazioarteko babeseko Espainiako sistemak kanpoan duen sinesgarritasunean. Gainera, pertsona horiek bizi diren kalteberatasun-egoera areagotu egiten da horrela.

Print Friendly

Bibliografia

  • Herriaren Defentsa Bulegoa (2013): Gorte Orokorretarako Urteko Txostena.

  • 557/2011 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren erregelamendua onartzen duena.

  • Etorkinak Integratzeko Zuzendariordetza Nagusia. Honako webgune honetan: http://www.empleo.gob.es/es/organizacion/inmigracion/contenido/OM16.htm