Dublingo Hitzarmena

||

Dublingo Akordioa Europar Batasuneko Estatu kideen akordio bat da, zeinaren bidez erabakitzen den zer estaturi dagokion asilo-eskaera bat aztertzea, Estatu kideetara sartzeko erabilitako bideen ezaugarriei erreparatuta, normalki, pertsona hori Europar Batasunean sartzeko erabili duena-. 1990ean sinatu zen eta Espainiako estatuak 1995ean berretsi zuen.

1990ean Europako Kontseiluak asilo-eskaerak aztertzeko ardura izango duen estatua zehazteko eman zuen 343/2003 Erregelamenduak ordeztu zuen; hala ere, erregelamendu horri “Dublin II” esaten zaio oraindik ere, hizkera juridikoan.

“Dublingo Sistemaren” oinarria da Europar Batasuneko Estatuetan legeak eta asiloari buruzko prozedurak estandar komun batzuetan oinarrituta daudela, eta horrek asilo-eskatzaileei aukera ematen die antzeko babes-mailak izateko Estatu guztietan. Hala eta guztiz ere, Europako Batzordeak eta ECREk eta Jesuiten Errefuxiatuen Zerbitzuak (JEZ) landutako “Dublin IIko” ebaluazio-txostenek, beste hainbat arazoren artean, adierazi dute babeserako irizpide komunik ez dagoela, eta horrek Dublingo mekanismoa berehala aplikatzea eragozten du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak onartu duen bezala.

2013ko ekainaren 26an onartu zen Erregelamendu berriak, aurreko Erregelamenduak oinarritzat hartzen zituen printzipioak berresteaz gain (Estatu kide erantzulearen berehalako erabakia errefuxiatu izaera zehazteko prozeduretarako sarbide bizkorra bermatzeko eta asilo-eskaeren izapidetzean bizkortasun helburua kolokan ez jartzeko), sistemaren eraginkortasuna eta eskatzaileei emandako babesa hobetzea du helburu.

Horretarako, bereziki debekatzen ditu asilo-eskatzaileak “tratu ankerra edo iraingarria” jasotzeko arriskua duten Estatu kideetara lekualdatzea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezarritakoaren ildotik; eta asilo-eskaera aztertzeaz arduratuko den Estatu kidea ezartzeko aplikatu behar diren irizpideen artean hierarkia bat ezartzen du: lehenik, familia-kontsiderazioak; bigarren, duela gutxi bisatu bat edo bizileku-baimen bat eman izana Estatu kide batean; eta azkenik, Europar Batasunean erregularki edo irregularki sartu izana. Gainera, barneratzea erregulatzen eta mugatzen du.

Print Friendly

Sistema horrek asilo-eskatzaileak beren eskaera sartzen diren Batasuneko lehen herrialdean eskatzera behartzen ditu, nahiz eta hizkuntza ez jakin eta kultura-kidetasunik ez izan. Azken urteetan Erregelamenduaren aplikazioz lekualdatu diren asilo-eskatzaileen eskubideen urratzeak hain larriak izan dira, UNHCR eta ECRE erakundeek gobernuei neurriak har ditzaten eskatu dietela. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) 2011ko urtarrilaren 21eko M.S.S. vs Belgium and Greece epaiak (30696/09 Demanda), Belgika eta Grezia kondenatzen ditu Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren (GEEH) 3. artikulua (torturaren debekua) eta 13. artikulua (errekurtso eraginkorrerako eskubidea) urratzen dituztelako “Dublin II” Erregelamenduaren aplikazioan. Demandatzailea, jatorriz Afganistanekoa, Greziatik sartu zen Europar Batasunean 2008. urtean, eta ondoren asilo-eskaera aurkeztu zuen Belgikan. Eskaera ez zuten aztertu eta M.S.S. Greziara lekualdatu zuten, “Dublin II” Erregelamenduari jarraiki. Epaiak adierazten du Greziak, gertakari horiek gertatu ziren unean, ez zeukala sistema eraginkor bat asilo-eskaerak izapidetzeko, eta Greziako prozedurak egitura-akats larriak zituela, eta horregatik bere eskaeraren izapidetze eraginkor bat izateko aukera ukatu zitzaion M.S.S.-ri. Gainera, Grezian giza-eskubideen urratzeari lotutako gaiei buruzko erreklamazioak jartzeko mekanismo eraginkor bat ez izateak GEEHren 13. artikulua urratzea dakar. Era berean, M.S.S. egoera iraingarrian giltzapetu zutenez, aipatu hitzarmenaren 3. artikulua urratu zuen Greziak. Belgikari dagokionez, Auzitegiak adierazten du M.S.S. kanporatu zuten unean “Belgikako agintariek bazekitela edo jakin behar zutela ez zuela bermerik bere asilo-eskaera serio aztertuko zenik”. Gainera, Auzitegiaren ustez, M.S.S.-k Afganistanera itzultzen bazuten tortura edo tratu txarrak jasateko eta hiltzeko ere benetako arriskua zuela argudiatu zezakeenez, Belgikatik Greziara lekualdatu zutenean ez-itzulketaren printzipioa eta, beraz, GEEHren 3. artikulua urratu zuela.

Bibliografia

  • EBren webgunea:http://www.europa.eu

  • CEAR (2012): La situación de las personas refugiadas en España. Informe 2012. Espainiako Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea. Los libros de la catarata, Madril.