Gizarte-protestaren kriminalizazioa

||

Errepresio politikoaren estrategia, difamazioaren, deslegitimazioaren eta judizializazioaren bitartez ezartzen dena gizarte-sarea ahultzeko eta hausteko herritarren segurtasunari buruzko argudioak eginez. Kasu gehienetan, kriminalizazio hori Estatuak egiten du, beste agente batzuen laguntzarekin, bere lege-esparruaren bitartez, eta botere judizialak ez ezik, Estatuko segurtasun-indarrek ere ezartzen dute.

Nola garatzen da kriminalizazio-prozesua? Eskubideak ukatzeko edo mugatzeko testuinguruan gertatzen da, normalean sektore kalteberenetako bizi-kalitateari eragiten dio eta gizartearen deskonposizio- eta haustura-prozesua dakar. Ukatze eta muga horien ondorioz, eta ukatze eta muga horiek agerian jartzeko eta haiei aurre egiteko, gizartearen zati bat antolatu egiten da eta gizarte-protestarako eskubidea baliatzen du.

Segurtasunik ezaren aitzakiarekin, Estatuek, eskubideen bermatzaile gisa duten erantzukizuna beren gain hartu ordez, eskubide berriak murriztuz erantzuten dute; horretarako legeak aldatzen dituzte. Lege horiek adierazpen-, manifestazio- eta elkartze-askatasuna nahiz informazioa lortzeko askatasuna mugatzen dituzte, besteak beste.

Herritarren segurtasun handiagoa sustatzeko argudioa erabiliz, Estatuak errepresio-neurriak justifikatzen ditu, hala nola isunak, atxiloketa arbitrarioak eta judizializazioak, baita giza eskubideen urraketa larriak ere, esate baterako, tortura, exekuzio estrajudizialak eta desagertze behartua.

Print Friendly

Estatu espainolean, migratzaileak kriminalizazioaren biktima izan dira eta orain ere badira. Alde batetik, etengabe seinalatzen dituzte eta horrek imaginario sozialean eragiten du eta eskubideak mugatzea, erakundeen arrazakeria eta pertsona horien aurka gauzatzen den indarkeria, bereziki Estatuaren mugetan eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan (ABZ), legitimatzea ‘ahalbidetzen du’. Bestalde, migratzaileei laguntzeko erakundeek eta gizarte-mugimenduek (etorkinek nahiz bertakoek osatzen dituztenak) protestaren kriminalizazioa pairatzen dute kolektibo ihardukitzaileenen aurkako neurrien bitartez, baita kolektibo horiek maniobratzeko duten gaitasuna mugatzen duten legezko aldaketen eta udal-ordenantzen bitartez ere.

Bibliografia

  • Comité Cerezo (2008): Criminalización de la protesta social. Mexiko.

  • Martín Beristain, C. (2010): Ikuspegi psikosoziala giza eskubideen urraketen biktimekin lanean Latinoamerikan. Argitaratzailea: Hegoa – Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo.