Cartagenako Deklarazioa

||

1984. urtean onartutako nazioarteko tresna ‘Amerika Ertaineko, Mexikoko eta Panamako Errefuxiatuen Nazioarteko Babesari buruko Hitzaldia: Arazo Juridiko eta Humanitarioak’ ekitaldian, 1951ko Genevako Konbentziorako eskualde-osagarri gisa.

XIX. mendearen amaieratik, Latinoamerika aitzindaria izan zen asilo-babesa ematen arrazoi politikoengatiko jazarpena jasaten zutenei, gehienetan oposizio politikoko figura nabarmenei. XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan, eskualdeko herrialdeen egoera ikusita, asilo-politika berraztertzeko premia ikusi zuten garaiko gobernuek. Ameriketako Hego Konoko diktadurek eragindako errefuxiatuek 1951ko Genevako Hitzarmeneko baldintzak betetzen zituzten arren, Nikaraguako, El Salvadorko eta Guatemalako gerra zibilek bultzatuta, hitzarmen horretako tresnak Latinoamerikako egoerara egokitzeko ahalegina egin zuten.

‘Errefuxiatuei buruzko Cartagenako Deklarazioak’ 1951ko Genevako Konbentzioaren berrespena sustatzen du oraindik sinatu ez zuten estatuen artean, eta konbentzioaren aplikazioa ahalbidetuko duten arauak hartzea bultzatzen du. Errefuxiatuaren definizioaren zabalkundean datza nazioartean izan duen garrantzia. Deklarazioak definizio horren barruan sartzen ditu beren herrialdetik ihes egin behar izan duten pertsonak beren bizia, segurtasuna edo askatasuna mehatxatuta izan dutelako, indarkeria orokortu delako, kanpo-erasoren bat gertatu delako, barne-gatazkak daudelako, pertsona-multzo handiei giza eskubideak urratu zaizkielako edo ordena publikoa larriki asaldatu duten bestelako gertaerak jazo direlako.

Cartagenako Deklarazioak ez-itzulketaren printzipioa biltzen du, herrialdeei konponbide iraunkorrak bilatzeko deia egiten die (hala nola borondatezko aberriratzea edo toki-integrazioa), baita errefuxiatuen arazoa osatzen dute kausak desagerrarazteko ahaleginak egiteko deia ere. Barne-desplazatuek bizi duten egoera zaila ere aipatzen du eta gutxieneko arauen garrantzia azpimarratzen du, fluxu masiboetan errefuxiatuek behar bezalako tratua izan dezaten.

Print Friendly

Bibliografia

  • Errefuxiatuei buruzko 1984ko Cartagenako Deklarazioa.