Joan-etorri askerako eskubidea

||

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 13. artikuluan joan-etorri askerako eskubidea onesten da honako hauek aldarrikatuz: “pertsona orok du joan-etorri askerako eskubidea eta Estatu baten lurraldean bizilekua aukeratzekoa” eta “pertsona orok du edozein herrialdetatik alde egiteko eskubidea, baita norberarenetik ere, eta norberaren herrialdera itzultzekoa”. Eskubide Zibil eta Politikoei Buruzko Nazioarteko Itunean (EZPNI) honako hau jasotzen da eskubide horri buruz: “ezin izango da murriztu salbu eta murrizketok legean jaso direnean, beharrezkoak direnean segurtasun nazionala, ordena publikoa, osasun eta moral publikoak edo enparauen eskubide eta askatasunak babesteko, eta itun honetan aitortutako gainerako eskubideekin bateragarriak direnean” (12.3 art.).

1951ko Genevako Konbentzioan Estatu partaideei alde batetik, beren lurraldean ‘legez kontra’ sartu behar izan duten errefuxiatuei zigorrak jartzea debekatzen zaie eta bestetik, errefuxiatu gisa onartu ondoren lurraldean bertan joan-etorri askerako eskubidea bermatzera behartzen zaie (31 art. eta 26. Art.).

Print Friendly

Pertsonak ‘migratzeko eskubidearen asimetriarekin’ topo egiten du, hau da, lurralde batetik ateratzeko eskubidea onesten da baina beste lurralde batzuetan sartzeko edo irauteko eskubide osoa ukatzen da. Javier De Lucasek ‘orbitan egoteko eskubidea’ deritzo paradoxa horri. Era berean, egile horrek nabarmentzen du migratzeko eskubidea ‘migratzaile ontzat’ hartzen ez direnei ukatu egiten zaiela, betiere merkatuaren interesak ezarritako baldintzen arabera. Beraz, ez dago nazioarteko onespena duen migratzeko, joan-etorri askerako eta irauteko giza eskubiderik. Estatu gehienek ikusmolde subiranista klasikoari helduz argudiatzen dute migratzeko eskubidea Estatuen eskumen subirano, esklusibo eta baztertzaileetan biltzen dela. Beste jarrera batzuen arabera pertsonen interesak Estatuen borondate eta interesen gainetik jarri behar dira. Pertsonek duintasunez eta indarkeriatik eta beldurretik aske bizitzeko duten eskubidea gauzatzen lagunduko lukete proposamen horiek baina deslegitimatuta daude, hain zuzen ere Estatuak eskubideen bermatzaile gisa ahultze-prozesua pairatzen ari direlako eta aldiz, merkatu-interesek eta kapitalismoak moldatutako Estatu korporatibo bihurtzen ari dira. Errefuxiatuek herrialde seguru batera iristeko eta asiloa eskatzeko eskubidea gauzatzeko duten aukera bakarra herrialde horretara aske joatea da 1951ko Genevako Konbentzioaren espirituan jasotzen den moduan, hain zuzen ere Estatuei debekatu egiten baitie errefuxiatuei beren lurraldean ‘legez kontra’ sartzeagatik zigortzea. Alabaina, Estatu espainolak eta Europar Batasun osoak mugak esternalizatzeko ezarritako mekanismoak errefuxiatuak herrialde seguru batera aske joatea eragozten ari dira.

Bibliografia

  • Verdú Vila, Sara (2012): Desechables en frontera: una aproximación a las violaciones de derechos de los migrantes en tránsito desde África noroccidental hacia España. Giza eskubideak, demokrazia eta nazioarteko justizia masterra. Institut Universitari de Drets Humans, Facultat de Dret, Universitat de València.

  • De Lucas, Javier (2005): Ciudadanía, Derechos Humanos y Desobediencia Civil. Indarkeriarik eza aktiboari buruzko IV. jardunaldietako hitzaldia, Donostia/San Sebastián, 2005eko urria.