Garapenerako eskubidea

||

1986an Nazio Batuen Batzar Orokorrak ‘Garapenerako Eskubideari buruzko Adierazpena’ aldarrikatu zuen. Hitzaurrean adierazten da pertsona orok duela gizarte-ordena eta nazioarteko ordena izateko eskubidea, orden horretan, pertsona horrek oso-osorik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aipatutako eskubideak eta askatasunak gauza ditzan. Era berean, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituneko (EESKNI ) eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituneko (EZPNI ) xedapenak gogorarazten ditu.

Nazio Batuek garapenerako eskubidea “giza eskubide besterenduezin” gisa jasotzen dute eta “berorren arabera, gizaki guztiek eta herri guztiek dute eskubidea ekonomia-, gizarte-, kultura- eta politika-garapenean parte hartzeko eta giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak oso-osorik gauzatzeko, garapen hori lortzen laguntzeko eta berori gozatzeko” (1.1 art.). Era berean, herrien determinazio askerako eskubidea jasotzen du baita “aberastasun eta baliabide naturalen gainean duen erabateko burujabetzarako” eskubidea gauzatzea ere (1.2 art.).

Adierazpenaren arabera giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak “zatiezinak dira eta elkarri lotuta daude”: “arreta bera eta berehalako hausnarketa egin behar da eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak aplikatzeko, bultzatzeko eta babesteko orduan” (6.2 art.).

Adierazten du Estatuen eginbehar nagusia garapenerako eskubidea gauza dadin baldintza onuragarriak (nazioan nahiz nazioartean) sorraraztea dela (3.1 art.). Horrela, Estatuek “sustatu behar dute nazioarteko bakea eta segurtasuna ezartzea, mantentzea eta indartzea eta, helburu horretarako, euren esku dagoen guztia egin behar dute desarmatze orokorra eta osoa lortzeko, nazioarteko kontrol eraginkorraren pean”. Desarmatzearen eta garapenaren arteko lotura ezartzen du eta zehazten du desarme-neurri egokien ondorioz lortutako baliabideak premia handiena duten herrialdeen garapenera zuzendu behar direla (7. art.).

Bestalde, oinarrizko baliabideak, hezkuntza, osasun-zerbitzuak, elikagaiak, etxebizitza, enplegua eta diru-sarreren banaketa zuzena lortzeari dagokionez Estatuek aukera-berdintasuna bermatzeko duten betebeharra aipatzen du
(8.1 art.). Adierazpenari jarraiki, Estatuek jendea arlo guztietan parte har dezan bultzatu behar dute eta neurri eraginkorrak hartu behar dituzte emakumeek garapen-prozesuan modu aktiboan parte har dezaten lortzeko.

Print Friendly

Bibliografia

  • Garapenerako Eskubideari buruzko Adierazpena, Batzar Orokorrak 1986ko abenduaren 4ko 41/128 Ebazpenean aldarrikatu zuena.