Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa

||

Gatazka armatuetan (nazioartekoak edo ez) aplikagarria den arau multzoa; biktimen (zaurituak, gaixoak eta gerran borrokatzen ez diren herritar zibilak) sufrimendua arintzea, eta biktimak eta haiek bizirauteko funtsezkoak dituzten ondasunak babestea du helburutzat. Arau horiek lehiakideen askatasuna mugatzen dute gerrako estrategiak, metodoak eta ekintzak aukeratzerakoan.

Arau hauek biltzen dituzten tresnak honako hauek dira: a) Hagako Adierazpenak eta Konbentzioak; b) 1949ko Genevako lau Hitzarmenak eta Hitzarmen horien 1977ko bi Protokolo Gehigarriak.

Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa (NZH) nazioarteko gatazka armatuetan aplikatzeko sortu zen. Barne-gatazka armatuetan soilik lau Hitzarmenek komunean duten 3. artikulua eta II. Protokoloa aplika daitezke.

Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideak helburu orokor bera dute, hau da, pertsonak babestea, baina helburu espezifikoetan desberdintzen dira. Lehenengoak gatazka armatuetako biktimak babestea du helburu; bigarrena, aldiz, giza eskubideak bake-garaietan gauzatzera bideratuta dago. Giza eskubideen oinarri filosofikoaren arabera pentsa daiteke edozein inguruabarretan bermatu beharrekoak direla baina giza eskubideak jasotzen dituzten itun gehienek beren xedapen gehienak gerra-garaietan indargabetzea onartzen dute, honako hauek salbu: bizitzeko eskubidea, torturen eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker eta iraingarrien debekua, esklabotzaren debekua eta epaiketarik gabeko kondenak.

Print Friendly

Joana Abrisketa ikertzailearen esanetan “Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioarekiko errespetuaren inguruko balantzea etsigarria da. Nazioarteko gatazka armatuetan aplikagarriak diren mekanismoen funtzionamendua ez da egokia. Baina gatazka zibiletan, are okerrago, ez baitira ia martxan jartzen ere, nahiz eta horrelakoak diren gaur egungo gatazka gehienak. Horrelako gatazketan Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioan debekatutako ekintzetako batzuk ohiko estrategiak izaten dira, esaterako herritar zibilen aurkako eraso zuzenak, presoak edo zibilak giza ezkutu gisa erabiltzea, genozidioa, ‘garbiketa etnikoa’ edo gosea gerra-arma gisa erabiltzea.

Bibliografia

  • Abrisketa, Joana (2000): “Derecho Internacional Humanitario”, Diccionario de Ayuda Humanitaria y Cooperación al Desarrollo izeneko hiztegian. Hegoa Institutua, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea.