Eskubide zibil eta politikoak

||

Giza eskubideen lehen belaunaldia deitutakoan biltzen dira eta Frantziako Iraultzaren ondoren aldarrikatu ziren pertsonaren askatasuna zaintzeko bokazioarekin. 1966. urtetik Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean (EZPNI) jasota daude.

Eskubide multzo honetan honako hauek biltzen dira: bizitzeko eskubidea; torturarik, zigor edo tratu anker edo iraingarririk, esklabotzarik edo morrontzarik ez jasotzeko edo derrigorrezko lanik ez egiteko eskubidea; norberaren herrialdean joan-etorri askerako eskubidea eta herrialdetik (baita norberarenetik ere) ateratzeko eskubidea; legearen aurrean ez diskriminatua izateko eta babes bera jasotzeko eskubidea eta auzitegietan eta gorte judizialetan berdinak izateko eskubidea, lege-nortasundun dela aitor diezaioten eskubide, errugabetasun-presuntzioaren eskubidea, errekurtso judizialerako eskubidea eta bizitza pribatuan injerentziarik ez pairatzekoa; pentsamendu-, kontzientzia-, erlijio-, adierazpen-askatasuna baita biltzeko eskubidea eta ezkontza adosturako eskubidea ere.

Aipatutako eskubide multzoan honako hauek ere biltzen dira: askatasun-gabetuek gizalegezko tratu duina jasotzeko eskubidea; atzerritarrek legezko erabakirik gabeko kanporaketarik ez pairatzeko eskubidea, familiek gizarte-babesa eta Estatuaren babesa izateko eskubidea eta adingabeen babeserako eta nazionalitaterako eskubidea.

Era berean, herritarren sufragio unibertsalerako eskubidea ezartzen da baita gutxiengo etniko, erlijioso edo linguistikoek beren bizitza kultural propioa izateko, erlijio propioa aitortzeko eta praktikatzeko eta hizkuntza propioa erabiltzeko duten eskubidea ere.

Eskubide horiek guztiak derrigorrez bete beharreko nazioarteko zuzenbidean jasotzen dira (‘ius cogens’) eta gainerako guztiengan ondorio juridikoak dituzte (‘erga omnes’).

Print Friendly

Eskubide zibil eta politikoek gainerako eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalekiko (EESK) hierarkiari eutsi diote babesari dagokionez. 1978ko Espainiako Konstituzioan eskubide zibil eta politikoek 14.-29. artikuluetan jasotzen diren Oinarrizko Eskubide deiturikoen zerrenda osatzen dute. Gainera, asilo-eskubidea historikoki eskubide horien urraketarekiko nazioarteko babes-mekanismo gisa interpretatu izan da.

Bibliografia

  • Nazio Batuak (1966): Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna Batzar Orokorraren 1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) Ebazpena.