Giza eskubideak

||

Gizaki izateagatik gizaki guztiei dagozkien eskubideak. Giza eskubideei buruzko bi adierak doktrina-liskarrak sorrarazten dituzte oraindik ere: giza eskubideak ‘eskubide moral’ gisa hartzeak eta giza eskubide gisa soilik ‘zuzenbide positiboko’ sistema batez babestutako eskubideak –‘eskubide subjektiboak’ deitutakoak– hartzeak.

Wilhelmi eta Pisarellok (2008) honela definitzen dituzte eskubideak: subjektu batek beste subjektu batzuk bere interes edo beharrekin zerikusia duen zerbait egitearen edo ez egitearen inguruan dituen asmo edo itxaropen oinarridunak. Asmo ‘legitimoak’, ‘oinarridunak’ edo ‘bidezkoak’ izango lirateke eta legitimotasun hori beren izaera orokorgarriak emango lieke: “besteek ere antzeko inguruabarretan antzeko asmoa argudiatu ahal izateko aukera izatea”.

Eskubideak gauzatzeko zerbait egiteko obligazioa (obligazio positiboa) edo zerbait egiteari uko egiteko obligazioa (obligazio negatiboa) izaten da, horrela jokoan dagoen interesa edo premia babestuz.

Askotan giza eskubideak aldarrikatu ziren une historikoaren arabera sailkatu izan dira, beraz, sailkapen horrek beren bilakaera ulertzea ahalbidetzen du eta ez litzateke hierarki gisa ulertu behar. Lehen belaunaldiko giza eskubideak eskubide zibil eta politikoekin eta Askatasunarekin dute zerikusia; lehen aldiz 1776ko Estatu Batuetako Independentzia Adierazpenean eta Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpen Unibertsalean (1789ko Frantziako Iraultzaren ondoren aldarrikatu zena) jaso ziren.

Bigarren belaunaldiko giza eskubideak eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak dira (EESK). Langile-mugimenduaren eta sozialismo demokratikoaren eraginaren ondorioz jaio ziren, batez ere, Berdintasunarekin zerikusia dute eta Zuzenbideko Estatu Soziala sortzen hasi zeneko garaikoak dira.

Lehen belaunaldiko eskubideak nahiz bigarren belaunaldiko eskubideak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasota daude.

Hirugarren belaunaldiko giza eskubideek munduaren ikuspegi globalarekin eta etorkizuneko belaunaldien eskubideen zaintzarekin zerikusia dute. Elkartasunaren kontzeptuarekin lotuta daude: garapenerako, bakerako, ingurumenerako, gizateriaren ondare komunerako eta abarretarako eskubideak.

Eskubideen eta betebeharren artean lotura estua dago, hau da, asmoak dituzten subjektuen eta asmo horiek (ekintzez edo ez-egitez) ez zapuzteko obligazioa duten subjektuen artekoa.

Giza eskubideak ez dira soilik eskubide indibidualak; kolektiboak ere izan daitezke zenbait ezaugarri partekatzen badira. Eskubide zibil eta politikoek gutxiengo etniko, erlijioso edo linguistikoen eskubideak ere biltzen dituzte baina hori argiago ikusten da hirugarren belaunaldiko eskubideetan. Askotan eskubide kolektibo horiek aldez aurreko nahitaezko baldintza izaten dira pertsonek beste eskubide indibidual batzuk gauza ditzaten.

Print Friendly

Giza eskubideei buruzko ikuskera aldatzen eta haien esanahia zabaltzen ari da. Garrantzitsua da giza eskubideak historian zehar sortutako produktu gisa ikustea, hau da, giza ekintzaren ondorio gisa eta, beraz, amaitugabeko prozesutzat hartzea. Egile batzuk laugarren belaunaldiko eskubideei buruz hitz egiten hasiak dira; maila horretan ziberespazioari dagozkion eskubideen babesa edo gizakia espezie gisa zaintzea biltzen dira. Teoria horiekiko kritikoek diote azken batean jarduteko eremu berriak direla eta ez eskubideen beste belaunaldi bat. Giza eskubideak berriz definitu beharra dago interkonexio globaleko testuinguruko gizarte-harreman asimetrikoen esparruan, betiere pertsona orok benetan gauza ditzan eta pertsonari atxikitako eskubidetzat har ditzan eta ez sistema kapitalista eta patriarkalak zehaztutako zenbait ezaugarri eta baldintza beteta soilik ematen diren pribilegio gisa. Wilhelmi eta Pisarellok diotenaren arabera eskubideak eta betebeharrak orokortzeko joera dago; eskubideek erantzuna eman behar diete komunitatean daukaten maila politiko, sozial, kultural edo ekonomikoagatik mehatxatuta daudenen premiei. Betebeharrak, aldiz, botere handiena duten subjektuei dagozkie (ez haiei soilik baina bai haiei bereziki), hau da, daukaten maila politiko, kultural edo ekonomikoagatik beste pertsonen interesak edo premiak betetzea baldintza ditzaketenei.

Bibliografia

  • Pisarello, G. eta Wilhelmi, M.A. (2008): Los derechos humanos y sus garantías: nociones básicas. Universitat Oberta de Catalunya.

  • Boni, A. (2007): “Giza Eskubideak”, Garapenerako Hezkuntzaren Hiztegian. Hegoa Institutua. Bilbo.

  • Maqueira, V. (2006): Mujeres, globalización y derechos humanos. Ediciones Cátedra, Universitat de València eta Emakumearen Institutua, Madril.