Gabetzea

||

“Norbaiti daukan eta baliatzen duen zerbait kentzea indarkeria erabiliz”, horrela definitzen dute gure hiztegiek.

Giza eskubideen ikuspegitik, gabetzea desjabetze- eta utzarazte-prozesu bat da eta horren bidez pertsonei eta komunitateei berezko eskubideak edo lortutako eskubideak kentzen zaizkie hainbat arlotan, esaterako, lurrak, lurraldeak, ondasunak eta/edo edozein motatako eskubideak (zibilak, politikoak, sozialak, kulturalak, ingurumenekoak eta abar).

Gabetzeak hainbat xede izan ditzake. Besteak beste, proiektu eta megaproiektu ekonomikoak direla-eta lurralde bateko baliabideak ustiatzea, lurraldea kontrolatzea bestelako eragileen (armatuak eta/edo ekonomikoak) jardunarekiko eta herritarrak kontrolatzea pobrezia eta eskubideak ez eskuratzea eraginez.

Hainbat metodoren bidez gauzatzen da: salerosketa irregularrak, lekuko faltsuekin eginiko iruzur prozesal bidezko transferentzia judizialak, utzarazteak eta indarkeria bidezko desplazamendu behartuak, besteak beste.

Print Friendly

Gabetzea korporazio handiek erabilitako estrategietako bat da; askotan legezko talde armatuen bidez (adb. armada) edo legez kanpokoen bidez (adb. paramilitarrak) gauzatzen da, indigenen, afrikarren ondorengoen eta nekazarien komunitateen lurraldeen jabe egiteko edo bertan geratzeko. Legezko edo legez kanpoko estrategien bidez burutzen da eta kasu gehienetan lurraldeak militarizatzea, indarkeria erabiltzea eta erresistentzia kriminalizatzea ekartzen du.

Bibliografia

  • CEAR Euskadi (2012): Indarrez kentzearen aurka. Kapitalismoa, ingurumen-hondaketa eta behartutako lekualdaketa. Kolonbiako eta Ekuadorko kasuen analisia. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo.

  • CNRR eta IEPRI (2009): El despojo de tierras y territorios: aproximación conceptual. Área de Memoria Histórica de la Comisión Nacional de Reparación y Reconciliación, e Instituto de Estudios Políticos y Relaciones Internacionales de la Universidad Nacional de Colombia. Bogota.