Adina zehaztea

||

‘Haurren Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioan’ ez dago adina zehazteari buruzko artikulu espezifikorik. Hala ere, ‘Haurren Eskubideen Batzordeak’ seigarren zenbakiko ohar orokorrean ezartzen duenez, bakarrik eta familiatik bananduta dauden adingabeen babes-premiei erantzuteko hartu beharreko lehen neurria adingabe-izaera zehaztea da.

Indarrean dagoen Atzerritarrei buruzko Legeak ezartzen duenez, dokumenturik gabeko adingabe atzerritar bat identifikatzen denean eta haren adingabetasuna segurtasun osoz ezarri ezin denean baino ez da egingo adina zehazteko proba (35. artikulua, 1. idatz-zatia).

Nolanahi ere, aurreko artikuluaren irakurketatik ezin da ondorioztatu adingabe atzerritar bat babes-sisteman sartzeko jardun-protokoloaren aurretik adina egiaztatzeko proba medikoak egin behar direnik. Horrela, beraz, adingabetasuna zalantzan jar daitekeen kasuetan baino ezin izango dira egin adina zehazteko probak. Eta kasu horietan ere, legea oso garbia da: lehenik eta behin, behar duen berehalako arreta emango zaio ustezko adingabeari. Fiskaltzari horren berri emango zaio, eta hark erabakiko du adina zehazteko probak egin behar diren.

Dokumentazioa duten pertsonen zein dokumentaziorik ez dutenen administrazio-egoerari dagokionez, nazioartean onetsita dagoen eta titularra identifikatzen duen dokumentua pasaportea da. Estatu batek balio osoz egindako dokumentua den heinean, egiazkotasun-presuntzioa du, eta presuntzio hori kontrako froga batekin baino ezin da deuseztatu (dokumentua baliozkoa ez dela adierazten duenak frogatu egin beharko du; aztergai dugun kasuan, aditu-froga bidez).

Estatu espainolean adina zehazteko erabilitako metodoari jarraiki, honako azterketa hauek egiten dira: azterketa fisiko bat (neurri antropometrikoak eta bigarren mailako sexu-ezaugarrienak hartzea) eta azterketa erradiologiko bat (hezurren eta hortzen heltze-maila aztertzea). Erradiografia horiek erreferentziazko estandarrak osatzen dituzten beste batzuekin konparatzen dira (‘Greulich-Pyle Atlasa’). Alderaketa batzuen bidez, aztertutako pertsonaren adina estandarrik hurbilenarekin pareka daiteke. Bakoitzaren hezur-desberdintasunak direla-eta, ez da erraza zeinu guztiak bat etortzea. Metodo horretan, Europatik Estatu Batuetara joandako etorkinen ondorengoak ziren, Estatu Batuetan jaio ziren eta familia dirudunekoak ziren 10-19 urteko gazte zuriei 30eko hamarkadan egindako eskumuturreko eta ezkerreko eskuko erradiografiak daude bilduta.

Print Friendly

Adina zehazteko proba medikoek arazo ugari dakartzate, teknikoak zein etikoak. Hori dela-eta, kritika asko jaso ditu hainbat txostenetan. Txosten horietan, gainera, proposamen egokiagoak egin dira gure herrialdeetara iristen diren adingabeen adina zehazteko. Proposamen horietako bat alderdi etnikoak, psikologikoak, kulturalak eta nutrizioari eta ingurumenari lotutakoak kontuan hartzean datza, zuzeneko eragina baitute pertsonaren garapen eta hazkuntzan. Izan ere, ‘Greulich-Pyle Atlasak’ bi urte gehiago edo gutxiagoko errore-marjina du, eta izaera soziokultural handia. Pertsona bat 18 urtetik gorakotzat edo beherakotzat hartzeak dituen lege-ondorio garrantzitsuak kontuan hartuta, arreta handia jarri behar zaie alderdi horiei, adingabeak eta horien ongizatea zaintzeko.

Jaiotzen diren unean inskribatzen ez dituzten haurren munduko tasa handia denez gero, erraza da geroago inskribatzean errore-marjinak handiak izatea. Edonola ere, errealitate horri aurre egiteko jaiotze-data zehatzak ezarri nahi izatea eta horretarako teknika jakin bat erabiltzea alferrikakoa da zientziaren egungo egoeran. Dokumenturik ez duen atzerriko pertsona baten adingabetasunaren inguruan ziurtasunik izan ezean, estatu espainolaren erantzunak adingabearen interes gorenaren babesa bilatu behar du.

Bibliografia

  • Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa, 1989

  • Greulich, W.W. eta Pyle, S.I. (1959): Radiografic atlas of skeletal development of the hand and wrist. Research Associate, Departments of Anatomy, Western Reserve University and Standfor University School of Medicine.

  • 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, Espainiako Atzerritarren Eskubide eta Askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoa.

  • 1889ko uztailaren 24ko Errege Dekretua, Kode Zibila argitaratzen duena. Testu bateratua. Azken aldaketa: 2012ko azaroaren 14an.