Familia berrelkartzeko zuzentaraua

||

‘Kontseiluaren 2003/86/EE Zuzentaraua, 2003ko irailaren 22koa, familia berrelkartzeko eskubideari buruzkoa ’.

Zuzentarau horren helburua familia-unitatea babestea eta gizarteratzea erraztea da, Estatu kide bateko lurraldean “legalki” bizi diren hirugarren herrialdeetako nazionalen familiari Estatu kide horretan berrelkartzeko aukera emanez.

Estatu kideetako batean bizileku-baimena -gutxienez urtebeteko indarraldiarekin- duten eta bizileku iraunkorra lortzeko “aurreikuspen oinarriduna” duten hirugarren herrialdeetako nazionalek eska dezakete berrelkartze hori. Berrelkartzearen onuradunak ezkontidea eta bikotearen seme-alaba adingabeak izango dira, adoptatuak barne (Estatu kide horretako legezko adin-nagusitasunaren azpiko adina baldin badute, eta ez badaude ezkonduta). Estatu kideek, egoera jakin batzuetan, zuzeneko aurrekoen eta lehen mailakoen (aita eta ama), adin nagusiko seme-alaba ezkongaien eta ezkondu gabeko bizikideen familia-berrelkartzea baimendu ahal izango dute. Ez da onesten ezkontza poligamoa, eta emazte bakar bat eta haren seme-alabak bakarrik izan daitezke onuradun, 1989 Haurraren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren aplikazioz adingabearen interesak eskatzen duenean salbu.

Eskaerak familia-lotura egiaztatu behar du eta berrelkartzen duen pertsonari eskatu ahal izango zaio segurtasun- eta osasungarritasun-baldintza egokiak dituen alojamendua, gaixotasun-asegurua eta bere premiak eta bere familiarenak estaltzeko baliabide egonkorrak izatea; horrez gain, Zuzenbide nazionala betez gizarteratze-neurriak onar ditzala eta bere familia berarekin elkartu baino lehen Estatu kide horretan denbora jakin bat (gehienez ere bi urte) bizitzen eramatea eskatu ahal izango zaio. Eskaera hori, egiten denetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epearen barruan aztertu behar da.

Berrelkartutako pertsonek berrelkartzen dituen pertsonaren iraupen bereko bizileku-baimena lortzeko eskubidea dute, baita hezkuntza, enplegua eta lanbide-heziketarako eskubidea ere. Bost urtez (gehienez) bizi ondoren, bizileku-baimen autonomorako eskubidea izango dute (seme-alaben kasuan, adin-nagusitasuna lortzen dutenean). Estatu kide bakoitzean, zuzenbide nazionalak baimen hori emateko aplikatu behar diren baldintzak definitzen ditu. Familia-lotura hausten bada, horren emakida mugatu ahal izango da.

estatu kideek eskaera hori uka dezakete “ordena publikoko, segurtasuneko edo osasun publikoko” arrazoiak direla medio; edota “iruzurra” dagoen kasuetan (dokumentu-faltsifikatzea, hitzarmenezko ezkontza, eta abar). Arrazoi horiek, era berean, dagoeneko emanda dagoen baimen bat kentzea edo ez berritzea justifika dezakete. Pertsona horrek auzitegietan erabaki horiei errekurtsoa jartzeko eskubidea du.

Zuzentarauak gutxieneko arauak ezartzen ditu eta aldekoenak diren legeria nazionalen baldintzei ez die uko egiten.

Errefuxiatu gisa onetsitako pertsonen kasuan, familia-berrelkartzea errazten duten xedapen partikularrak aplikatzen dira. Zehazki, “familiako kide” kontzeptua zabalagoa da; familia-loturen egiaztagiriak, alojamenduko, gaixotasun-aseguruko eta baliabide iraunkorreko baldintzak ez dira hain zorrotzak; eta estatu bakoitzak eska ditzakeen gizarteratze-neurriak estatu horren legeria nazionalaren arabera aplikatzen dira.

Zuzentarau hori ez da aplikatzen Irlandan, Danimarkan eta Erresuma Batuan.

Print Friendly

Bibliografia

  • Kontseiluaren 2003/86/EE Zuzentaraua, 2003ko irailaren 22koa, familia berrelkartzeko eskubideari buruzkoa.

  • EBren webgunea:http://www.europa.eu