Mugen esternazilazioa

||

Mugen esternalizazioaren fenomenoaren ezaugarri nagusia zera da, elkarren artean osagarriak diren politiken arkitektura bat, politika horien helburua Europako kanpo-mugen kudeaketa Hegoalderantz lekualdatzea izanik, errefuxiatuen eta etorkinen etorrera saihestuz.

Immigrazio irregularra geldiarazi nahi du migrazio-kontrola hirugarren herrialdeekin azpikontratatuz, aurretiazko geldiarazpen-zona bat sortuz eta leku estrategikoetan presentzia izanez, hala geopolitika-gaiak nola interes ekonomikoak direla medio.

Honako hauek dira politika horietako batzuk: a) Bisatuen ezarpena: errefuxiatuentzako lehen eragozpena da. Estatu espainolean sartzeko bisatua eskatzen zaie 134 Estatu eta lurraldeetatik datozen pertsonei, eta horien artean Afrikako guztiak daude, guztira 53. Datu horiek, eta Asilo Legean agertzen den asiloa bide diplomatikoaren bidez eskatzeko aukeraren ezabapenak, pertsonek nazioarteko babesa lortzeko dituzten baliabideak are gehiago murrizten dituzte; b) Mugen militarizazioa eta Kanpo Mugen Europako Agentzia (FRONTEX) indartzea; c) Berriz hartzeko akordioak sinatzea; d) Atxilotze-zentroak hirugarren herrialdeetan (Nouadhibouko atxilotze-zentroa); e) Europako mugak iragazgaiztea (hormak eta hesiak, kontrolatzeko tresnak, asilo-eskaerari oztopoak jartzea, eta abar); f) Migrazio-kontrola pribatizatzea, garraio-enpresei bidaiarien dokumentazioa kontrolatzeko obligazioa inposatuz, eta betetzen ez bada isunak ezarriz.

Print Friendly

Duela urte batzuk mugen esternalizazioa Europan, eta Estatu espainolean, dispositibo militar eta polizial zabal baten bitartez garatzen da, segurtasun-politikei eta migrazio-fluxuak kontrolatzeko obsesioari lehentasuna emanez errefuxiatuen eta etorkinen giza eskubideen errespetuaren gainetik. Etengabea den eta handitzen ari den migrazio- eta asilo-politiken gogortze horrek, ihesaldia indarkeria-modu berri bihurtu duenak, ondorio larriak ditu errefuxiatuen eta etorkinen giza eskubideen baliatze eta gozamenduan, eta sinatutako nazioarteko hitzarmen eta itunen ez-betetzea dakar. Bereziki ukituta geratzen dira 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 13. eta 14. artikuluak, pertsona orok joan-etorri askerako eta, jazarpen-kasuan, asiloa eskatzeko eta edozein herrialdetan asiloa izateko eskubidea ezartzen dutenak. Mugak kontrolatzeko neurriak, non gauzatzen diren berdin izanik, estatu-jurisdikzioaren egikaritza dira, eta ez du salbuesten giza eskubideen nazioarteko itunak betetzetik, eta gainera horiek bermatzera behartzen du. Ildo horretan, Espainiako Gobernuak ez-itzulketaren printzipioa bete behar du nahitaez bere jurisdikzioa egikaritzen duen edozein lekutan eta edozein unetan. Estatu espainolak eta Europar Batasun osoak egindako presioa dela medio, errefuxiatuek eta etorkinek gero eta ibilbide luzeagoak eta arriskutsuagoak egiten dituzte. 2011n Afrikako Iparraldean izandako errebolta arabiarrak dira errealitate horren adibidea. Gatazkak hasi zirenetik, eta beren agintariak –orduraino mendebaldearen aliatu handiak zirenak– boteretik kentzeko kalea hartu zuten pertsonen ausardiaren errekonozimendu publikoarekin batera, nazioarteko babes bila ihes egiten zuten pertsonak iristea eragoztean oinarritu ziren ahaleginak. Kanpoko mugen zaintza areagotu zen FRONTEXen akordioaren bitartez era, lehen aldiz, Schengengo Akordioa birformulatu zen, barneko kontrolak areagotuz. Ondorioz, urte hartan, 1.500 pertsona inguru hil egin ziren edo desagertu egin ziren Mediterraneoan, zifrak erregistratzen hasi zirenetik urterik txarrena izanik. Gabriele Del Grande kazetari italiarrak 19.507 pertsonaren heriotza zenbatu du 1988 eta 2013ko amaieraren artean, Europara iristeko ahaleginean. Horietatik, gutxienez 2.352 lagun 2011. urtean hil ziren, 590 lagun 2012. urtean eta 801 lagun 2013. urtean. Migrazioari eta asiloari buruzko lege eta politika europarren gero eta gogortze handiagoa ere pertsonen salerosketa-sareak sendotzeko lagungarria izan da, eta gero eta profesionalizatuagoak eta hobeto antolatuagoak daude. Estatu espainolean urtero aurkezten diren genero-arrazoiengatiko asilo-eskaeretan alegatutako arrazoi nagusi bihurtu da sexu-esplotazioko helbururako salerosketa, izan ere, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera gizakien salerosketa-sareen helburuko eta pasaerako herrialde nagusietako bat baita Espainia. Hala eta guztiz ere, gobernu espainolak ez du asilo-arrazoitzat hartu nahi gizakien salerosketa, eta biktimak babesik gabe eta beren jatorrizko herrialdeetara itzuliak izateko arrisku larrian uzten ditu.

Bibliografia

  • CEAR-Euskadi (2010): Behartutako lekualdaketak: Giza Eskubideak Asilo Eskubidearen ikuspuntutik. Errebindikazioak eta aldaketa-proposamenak. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo.

  • Migreurop (2013): 2. zk. buletina, 2013ko apirila.