Generoak

||

Generoa teoria feministatik sortutako azterketa-kategoria bat da, gizarteek ‘femenino’ edo ‘maskulino’ gisa definitzen dituzten ezaugarri, portaera eta pentsatzeko modu guztiak gure gain hartzeko erabiltzen dugun prozesua izendatzeko balio duena. Rolak esleitze hori eta rolak eskuratze hori sexu biologikoaren arabera ikusitako aldaketa anatomikoak oinarritzat hartuta ematen da; horregatik, zerbait naturaltzat eta emantzat hartzen da.

Nolanahi ere, generoaren kontzeptuak zalantzan jartzen du ideia hori; zeren, adierazten baitu ‘maskulino’ eta ‘femenino’ kategoriei esleitzen zaien oro sozialki eraikita dagoela, eta, beraz, alda daiteke. Hortaz, ikus dezakegu generoari buruzko ikuskera horiek gaur egun dauden aldaketa sexual biologikoak interpretatzen diren testuinguru kultural eta historikoaren araberakoak direla.

Ildo horretatik, erabakigarriak ez dira desberdintasun anatomikoak berez, baizik eta kulturak nola interpretatzen dituen desberdintasun horiek. Anatomia eraikuntza politiko bat da, gure gorputzei esanahiak ematen dizkiena, eta horren ondorioz, sexua ere sozialki eraikita dagoen zerbait izango balitz bezala aztertzen dugu. Hortaz, gure genero-identitatea (gure portaerak eta subjektibotasunak), gure identitate sexuala (gure desirak eta afektibitateak) eta gizartean egoteko gure aukerak (gure rolak) ulertzeko elementu gisa erabiltzen diren eraikitako bi elementu izango genituzke: generoa eta sexua.

Generoak emakumeekiko diskriminazioa azaltzen digu eta esleitu ez den generoaren formak, sentimenduak, desirak edo portaerak hartzen dituztenekiko diskriminazioa ere azaltzen digu, bereziki forma, sentimendu, desira edo jokabide ‘femeninoak’ badira. Patriarkatua emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanen oinarri da, baita arauzko sexualitateen eta arauzkoak ez diren sexualitateen arteko botere-harremanenak ere, hau da, ohiko harreman heterosexualen eta ezohiko harreman heterosexualen edo ez heterosexualen arteko botere-harremanenak, bai sexu bereko pertsonen artekoak, bikotetik kanpokoak eta abar.

Generoa eraikuntza sozial gisa ulertuta, zalantzan jarri ditugu ikasitako maskulinitateak eta feminitateak haiek berreraikitzeko; sexua eraikuntza sozial gisa ulertuta, aldiz, ulertu eta deseraiki ditzakegu ikasitako identitate sexualak. Sexua eraikuntza sozial gisa ulertzen badugu, erreal gisa definitutakoa azpikoz gora jarri behar dugu eta ‘bi sexuren’ eta ‘bi generoren’ azterketetan gaur egun nagusitzen den biko logika zalantzan jarri behar dugu.

Zailtasun horiek diskriminazioaren, ikusezintasunaren eta indarkeriaren hainbat mekanismotan agertzen dira; mekanismo horiek sozialki esleitutako portaerak eta rolak ez hausten saiatzen dira. Horrek, kasu batzuetan, eragiten du hori gauzatzen duten pertsonak jazarpenaren biktimak izatea, eta horrek arriskuan jartzen du haien osotasun pertsonala eta haien bizitzak arrisku gutxiago izango duten testuinguruetarantz ihes egitera behartzen ditu (ikus:genero-arrazoiengatiko jazarpena).

Print Friendly

Bibliografia

  • Coll-Planas, G. (2010): La voluntad y el deseo. La construcción social del género y la sexualidad: el caso de lesbianas, gays y trans. Egales argitaletxea, Madril.

  • NAHIA (2013): Los deseos olvidados: Genero eta sexu aniztasun ikuspegia Garapenerako Kooperazioan, Hiritartasun Globalerako Hezkuntzan eta etorkinek eta errefuxiatuek dituzten GGEEen sustapenean eta babesean, Bilbo