Lex Mercatoria

||

Lex Mercatoria edo Merkataritza Eskubide Globala enpresa transnazionalen eskubideak babesten dituzten merkataritza-kontratuen, inbertsioen eta arauen multzoa da. Nazioarteko eremuan arautzen dira eta izaera bilaterala edo multilaterala izan dezakete. Giza eskubideen urraketei dagokienez, enpresek Arbitraje Auzitegietara eta Munduko Merkataritza Erakundearen Gatazkak Konpontzeko Sistemara jo dezakete, horiek ere Lex Mercatoria edo Merkataritza Eskubide Globala deitutako multzoan biltzen baitira.

Enpresa transnazionalen betebeharrak ez dira Lex Mercatorian biltzen eta ez dira nazioarteko eremuan arautzen, eremu nazionalean baizik.

Enpresa transnazionalek nazioarteko eremuko jarduera garatzen dute eta beren eskubideak eremu horretan zaintzen dira baina beren betebeharrak jarduten duten herrialdeetako nazio-kontrolari mugatuta daude enpresa nagusia kokatuta dagoen lekua kontuan izan gabe.

Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak (LMB) salatu du enpresa transnazionalek zuzenean edo zeharka Estatuetako eta nazioarteko arau-produkzioa baldintzatu egiten dutela mundu-mailako akordio formalen eta informalen bidez eta gatazkak konpontzeko berariazko mekanismoen bidez; betiere, botere judizialaren irizpide eta oinarrietatik kanpo.

Enpresa transnazionalek lortzen dituzten itun eta kontratu-baldintzak lortu ziren inguruabarrak kontuan hartu gabe (gobernu diskrezionaletan, gatazka armatuetan eta abar) blindatzen eta babesten dira, hain zuzen ere enpresa horien jarduerak instalatzen diren herri eta nazioen garapenerako eskubidean eta subiranotasunean izan ditzaketen ondorioak edozein izanik ere.

Biktimek nazioarteko mekanismoak eskuratu ahal izateko giza baliabiderik eta baliabide finantzario eta teknikorik ez izateak eta eskualdeko eta nazioarteko organoen erabakiak ez betetzeak eta ez gauzatzeak pertsonek eta komunitateek enpresa transnazionalekiko duten kalteberatasuna areagotzen dute.

Print Friendly

2013ko maiatzean Bangladesheko ehungintza-fabrika bat eraitsi zen eta horren ondorioz mila pertsonatik gora hil ziren. Fabrika horrek ehunak lantzen zituen hainbat multinazionalentzat (Mango eta El Corte Inglés esaterako) baina multinazional horiek Asiako herrialde horren legeria nazionalaren aurrean soilik erantzun behar du gertaera horiengatik. Enpresa espainol horietako zuzendariek ez dute lortzen dituzten mozkinen edo lana garatzen den balditzen berri eman beharrik eta gainera ez dute erantzukizun zibil eta penalik. Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak Lex Mercatoriaren (Merkataritza Eskubide Globala) –Juan Hernández Zubizarretak “eskubide zorrotz, hertsatzaile eta inperatibo” gisa izendatzen duena– eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen artean dagoen arau-asimetria salatzen eta azpimarratzen du. Enpresa transnazionalen betebeharrak arautzen dituzten herrialde hartzaileetako legeriak eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea ez dira nahikoa eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen eta ingurumen-eskubideen aurka egiten duten enpresa transnazionalen praktika guztiak Zuzenbidearen mende jartzeko. Enpresek lurraldez gaindiko betebeharrak beren gain hartu behar dituzte eta beren jarduera enpresa nagusia dagoen herrialdeko estandar berekin fiskalizatu behar da, Estatu espainolaren kasua esaterako.

Bibliografia

  • Hernández, J. (2012): ‘Arau-asimetria’ eta ‘Lex mercatoria’ honako hiztegi honetan: Enpresa transnazionalei buruzko Hiztegi Kritikoa. Korporazio handien botereari aurre egiteko gakoak. Bakea eta Duintasuna. Antrazyt bilduma, Icaria, Bartzelona.