Patriarkatua

||

Patriarkatua eremu instituzionalizatuko sistema bat da, emakumeen eta gizonei eta ‘maskulino’ denari dagokionez ‘femeninotzat’ hartzen den ororen mendekotasunari eta ikusezintasunari eusten diona, eta horrela ‘sexu biologiko’ jakin bateko kide izatean oinarritutako egitura-desberdintasuneko egoera sortzen da. Familian du jatorri historikoa, familiaren buru aita izanik, eta ordena sozial osora zabaltzen da. Egoera horri hainbat rol definitzen eta zabaltzen dituzten araubideen, ohituren, azturen, ohiko jardunen, ideien, aurreiritzien, legeen eta erakunde sozial, erlijioso eta politikoen bitartez eusten zaio eta haien bitartez, emakumeen gorputzak zaintzen, atzitzen eta kontrolatzen dira, eta emakumeei ez zaie uzten aukera- eta eskubide-berdintasun osoa izaten.

Menderapen-sistema hori ‘sexu biologikoaren’ bitartez justifikatzen denez, ezartzen duen ordena normalean naturaltzat hartzen da eta ez eralda daitekeen eraikuntza sozialtzat. Beraz, emakumeei emakume izateagatik patriarkatutik ezartzen zaizkien rolak finkotzat eta ez-trukagarritzat hartzen dira. Era berean, tradizionalki gizonei eta emakumeei esleitu zaizkien portaera eta lehentasun sexualak ez direnak desbideratutako eta arautik kanpoko jokabidetzat hartzen dira, eta dauden erakunde sozial eta politiko guztiek gogor gaitzesten dituzte; izan ere, jarrera horiek zalantzan jartzen dute heterosexualitatea, hots, egitura patriarkalei iraunkortasuna eta baliozkotasuna ematen dioten oinarri sendoenetako bat (ikus: genero-arrazoiengatiko jazarpena).

Aurrekoari kontrajarrita, azken hamarkada hauetan egiaztatu da patriarkatuak ezarritako ordena produktu sozial aldagarria dela, zeren borroka feministari eta LGTTBI kolektiboaren borrokari esker, berregituratu baita eta borroka horri esker lortu da, halaber, aurretik ukatu zitzaizkien eskubideak pixkanaka-pixkanaka onestea eta errespetatzea.

Hala eta guztiz ere, gizarte-egituretan oso ezarrita daudenez, egitura patriarkal batzuek irauten dute oraindik eta indar handia hartzen dute legezkotzat hartzen diren prozesu eta erakundeen bitartez, esate baterako, globalizazioaren, neoliberalismo ekonomikoaren, nazioz haraindiko enpresen, politikaren eta Estatu modernoaren bitartez. Horiek ideia eta jarrera jakin batzuk hedatzen eta ezartzen dituzte gizartean, emakumeei desabantaila, pobrezia eta bazterketa handiagoko egoeretan eusten jarraitzen dieten ideiak, hain zuzen ere, baita “aurreratuagotzat” hartzen diren gizarteetan ere.

Indarkeria erabiltzeak balio du beldurraren bitartez emakumeen, femeninoa denaren eta gizonen aginteari aurka egiten dion ororen mendekotasuna ezartzeko eta berresteko, giza eskubideen urraketa-egoera larriak sortuz. Horrek, halaber, eragiten du ihes egiteko premia eta indarkeria horren mehatxupean daudenek babesa bilatzea eta genero-arrazoiengatiko jazarpenaren figura, asilo-eskubidearen kasuan garrantzitsua dena, sortzea.

Print Friendly

Bibliografia

  • Píkara Magazine (2013): Glosario Feminista. Honako webgune honetan: http://glosario.pikaramagazine.com/inicio.php?lg=es&sec=inicio

  • NAHIA (2013): Los deseos olvidados: Genero eta sexu aniztasun ikuspegia Garapenerako Kooperazioan, Hiritartasun Globalerako Hezkuntzan eta etorkinek eta errefuxiatuek dituzten GGEEen sustapenean eta babesean, Bilbo

  • Gamba; S. (2007): Diccionario de estudios de Género y Feminismos. Biblos argitaletxea, Buenos Aires.