Auzotasun Politika Europarra (APE)

||

Europako Batzordeak 2003. urtean bere aldameneko herrialdeei lotutako zituen politikak berrikusteko prozesu bati ekin zion, Europako Ekialdeko eta Mediterranioko Hegoaldeko herrialde mugakideei harreman-esparru berri bat eskainiz. 2004an, Europar Batasunaren zabalkuntzaren ondorioz, politika horri ekin zitzaion, eta honako helburu hauek zituen: egonkortasun-, segurtasun- eta oparotasun-espazio bat sendotzea, erronka komunei (migrazioa, ingurumena, osasuna, krimena, terrorismoa eta abar) erantzun bateratua eman ahal izateko; lerro banatzaileak edo haustura sozioekonomikoko lerroak saihestea; Europar Batasunaren zabalkundearen abantailak partekatzea, atxikitzeaz bestelako formulen bitartez; eta harremanak sakontzea lankidetza politiko, ekonomiko eta kultural estuago baten bitartez.

Auzotasun Politika Europarra lurreko edo itsasoko mugak dituzten aldameneko herrialdeekin garatzen da.

Europako kontinentean Ukrainarekin, Bielorrusiarekin eta Moldaviarekin; Mediterraneoko eskualdean Aljeriarekin, Egiptorekin, Israelekin, Jordaniarekin, Libanorekin, Libiarekin, Marokorekin, Palestinako Agintaritzarekin, Siriarekin eta Tunezekin; eta Kaukaso hegoaldean Armeniarekin, Azerbaijanekin eta Georgiarekin.

Europar Batasunaren Itunaren 8. artikuluaren aginduari jarraiki, “lehentasunezko harremanak” proposatzen dira, honako balio komun hauen aldeko konpromiso bateratuan oinarritzen direnak: demokrazia eta giza eskubideak, Zuzenbide-estatua, gobernantza egokia, merkatu-ekonomiaren printzipioak, eta garapen iraunkorra eta sozialki inklusiboa.

Auzotasun Politika Europarraren oinarria Europar Batasunaren eta aldameneko herrialde gehienen artean aldez aurretik aldebiko akordioak daudela da (Mediterraneoko elkartzeko akordioak hegoaldeko mugakideekin, eta lankidetza-akordioak ekialdeko mugakideekin).

Aldebiko akordio horiek kapitulu ugari hartzen dituzte barnean: elkarrizketa politikoa eta segurtasuna, garapen ekonomikoa, merkataritza-harremanak, pertsonen mugikortasuna, ingurumena, garraio- eta energia-sareen integrazioa, edo kultura- eta zientzia-lankidetza. Horien baitan, Auzotasun Politika Europarrak Ekintza Planak deitutakoak aurkezten ditu, eta plan horiek jarduera bateratu espezifikoen programa bat definitzen dute, epe ertainerako eta luzerako lehentasunekin; planen jarraipena urtero egiten da.

Print Friendly

Bibliografia