Asilo-prozedura

||

Estatu espainolean asiloaren babesa jasotzeko metodoan zenbait fase bereizten dira: a) Eskaera; b) Izapidetzea onartzea; c) Bideratzea; eta d) Ebazpena.

1. Eskaera: Espainiako lurraldean sartzen denez geroztik, asilo-eskatzaileak hilabete dauka eskaera egiteko. Eskaera hori atzerritarren bulegoetan , Polizia Nazionalaren Buruzagitza Probintzialetan edo Asilo eta Babes Bulegoan (ABB) bertan egin behar da, Madrilen egiten bada. Eskatzaileak abokatu-laguntza eta interpretea edukiko ditu, doan. Gainera, eskatzaileak sexuaren arabera bereizten dira. Fase horretan, eskatzaileak bere historia kontatzen du, jazarria izateko susmo sendoak oinarritzeko arrazoiak barne. Betetzeke daukan edozein itzulketa-, kanporatze- eta estradizio-agindua eten egingo da ebazpen irmoa eman arte.

Mugako asilo-eskaeretarako, prozedura espezifiko bati jarraitzen zaio.

2. Izapidetzea onartzea: Eskaera bete ondoren, ABBri bidaliko zaio (atzerritarren bulegoan edo Polizia Nazionalarenean egiten bada), eta bertan aztertuko dituzte eskaeraren alderdi formalak. Egiaztapen hori hilabeteko epean egingo da eskaera egiten den egunaz geroztik. Hilabeteko epe hori isiltasun positibokoa izango da, hau da, aurreikusitako epean ebazpenik ematen ez bada, eskaera izapidetzeko onartu dela hartuko da aintzat. 30 egun horietarako, pertsonari behin-behineko dokumentazioa ematen zaio, nazioarteko babesaren eskatzaile gisa.

Barne Ministerioak, ABBren proposamenari jarraiki, eskaerak izapidetzeko ez onartzeko erabakia har dezake, ebazpen arrazoituaren bitartez, baldin eta zirkunstantzia hauetakoren bat gertatzen bada: a) Eskaerak aztertzeko eskumenik ez izatea; b) betekizunak ez betetzea.
Eskaera izapidetzeko onartzen ez bada, eskatzaileak berraztertzeko administrazio-errekurtsoa eta/edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake.

3. Bideratzea: Eskabidea izapidetzeko onartzen bada, 6 hilabeteko beste aldi bat irekitzen da eskaera sakonetik aztertzeko, hau da, jazarpen-historia aztertzeko. Nolanahi ere, horrek denbora gehiago eramaten du normalean. Aldi horretarako, eskatzaileari beste dokumentu bat ematen zaio: txartel gorria.

4. Ebazpena: Espedientea bideratuta, ABBk Asiloko eta Babeseko Ministerio arteko Batzordeari (ABMB) helarazten dio eskaera, azter dezan, eta azken horrek Barne Ministerioari ebazpen-proposamena helaraziko dio. Eskaera ezetsitzat joko da baldin eta aurkezten denetik sei hilabeteko epean dagokion ebazpena jakinarazten ez bada.

Ebazpena lau motatakoa izan diateke: a) errefuxiatuaren estatutua ematea; b) babes subsidiarioa ematea; c) estatutua ukatzea baina bizileku-baimena ematea arrazoi humanitarioengatik, Atzerritarrei buruzko Legean ezarritakoaren arabera; d) babesa ukatzea .

Presako izapidetzea eginez gero, adierazitako epe horiek guztiak erdira murritz daitezke.

Print Friendly

Bibliografia

  • 12/2009 Legea, urriaren 30ekoa, asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen duena.