Adingabeak babesteko sistema

||

Nazioarteko eta Estatuko legeriari jarraiki, bakarrik dagoen adingabe atzerritar batek eskubidea du Estatu Espainoletik babesa adingabe espainolen baldintza beretan jasotzeko, jaiolekua edozein izanik ere. Administrazio publikoek adingabeen ongizatea zaintzeko betebeharra dute.

Adingabeen babesari buruzko lege-garapenari dagokionez, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira:

  • Atzerritarrei buruzko Espainiako legeriak arautu zuen adingabe atzerritarrei eman beharreko tratamendu juridikoa 155/1996 Errege Dekretua argitaratu arte (Errege Dekretu horrek 13. artikuluan zehaztu zuen tratamendu hori).
  • 2000. urtean, dokumenturik gabeko atzerritarren adina segurtasun osoz ezarri ezin denean adin hori finkatzeko jarraitu beharreko prozedura arautu zen.
  • Alderdi hori 4/2000 Lege Organikoaren (Atzerritarrei buruzko Legearen) 32.2 artikuluaren lehen idazkuntzak (indarrean urtebetetik beherako aldi batean egon zenak) arautu zuen lehen aldiz, eta Adingabeen Epaitegiei esleitu zien dokumenturik gabeko adina finkatzeko eskumena, “adinduna ala adingabea den zehaztasun osoz ezarri ezin denean”.
  • Abenduaren 22ko 8/2000 Lege Organikoak adierazitako arauan sartutako lehen aldaketa adina finkatzeko eskumena Fiskaltzari ematea eta beharrezkoak ziren probak egiteko bidezko osasun-erakundeen lankidetza ezartzea izan zen.
  • Hala eta guztiz ere, arau hori garatu zuen 2393/2004 Errege Dekretuak ez zuen behar bezala zehaztu jarraitu beharreko prozedura.
  • Dekretu horrek lau organismori ematen die esku hartzeko aukera, eta bakoitzari funtzio bat esleitzen dio. Lehenik eta behin, Estatuko Segurtasun Kidego eta Indarrei dokumenturik ez duten eta adina segurtasun osoz ezartzeko aukera ematen ez duten atzerritarrak aurkitzeko funtzioa dagokie. Bigarrenik, adingabeak babesteko zerbitzuei ustezko adingabeek behar duten berehalako arreta eskaintzea dagokie, eta Fiskaltzari, berriz, laugarren organismoarekin (hots, osasun-erakundeekin) lankidetzan atzerritarren adina finkatzea.

    Hala ere, eskumenen esleipen horrek arazo ugari sortu ditu praktikan. Izan ere, prozedura garbirik garatu ez denez gero, jardunak oso desberdinak izan dira pertsona bat lurralde nazionalaren barruan identifikatzen zen lekuaren arabera. Hori dela-eta, 4/2000 Lege Organikoaren erregelamendu berriaren (hots, 557/2011 Errege Dekretuaren) 190. artikuluan arazo hori zuzendu nahi izan da, eta, horretarako, jarraitu beharreko prozedura xehatu da.

    Bakarrik dagoen adingabe bat sartu dela detektatu ondoren, adingabe horrek edozein agintari edo zerbitzu publikora jo ahal izango du, eta hark adingabeak behar duen berehalako arreta eskaini beharko du. Halaber, berehalako arreta eman ondoren, horren berri eman beharko dio organo eskudunari.

    Print Friendly

    Bakarrik dagoen adingabe baten berri duen pertsona orok Espainiako agintariei jakinarazi behar die, adingabea bakarrik eta babesik gabe egon ez dadin. Izan ere, kalteberatasun handiko egoeran dauden adingabe horiek dira babesa gehien behar dutenak, sexu- eta/edo lan-esplotazioan diharduten trafiko- eta salerosketa-sareen arriskuak saihesteko.

    Immigrazioaren eremuan, ohikoa izaten da komenigarritasun-printzipioaren eta oinarrizko eskubide eta askatasunen erabateko indarraldiarekiko errespetuaren arteko tirabira, eta adingabe atzerritarren kasuan jokoan dago gure sistema juridikoaren koherentzia. Bakarrik dauden adingabe atzerritarren gaian, nabarmenak dira, beste kasu gutxi batzuetan bezala, immigrazioaren eta atzerritartasunaren eremuetan legeak Administrazioaren esku uzten dituen eskumenen irmotasuna eta estatu espainolak Haurren Eskubideen Konbentzioa sinatu duen neurrian bere gain hartu duen erantzukizun handia.

    Bibliografia

    • 155/1996 Errege Dekretua, otsailaren 2koa, Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea betearazteko erregelamendua onartzen duena.

    • 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, Espainiako Atzerritarren Eskubide eta Askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoa.

    • 557/2011 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, Espainiako atzerritarren eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren erregelamendua onartzen duena.