Europar Batasuna

||

Europar Batasuna 1992ko Europar Batasunaren Itunarekin (1993an jarri zen indarrean) eratu zen, eta Maastrichteko Ituna ere deritzo.

Europako herrien arteko batasun gero eta estuagoa sortzea helburu duen proiektu politikoa da. Batasunak oinarrizko balio ditu “gizakiaren duintasunaren begirunea, demokrazia, berdintasuna, zuzenbide-estatua eta giza eskubideen errespetua”; eta honako helburu hauek ditu: “bakea, bere balioak eta bere herrien ongizatea sustatzea; bere herritarrei mugarik gabeko askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparru bat eskaintzea; ekonomia-hazkunde orekaturako eta prezioen egonkortasunerako beharrezko baldintzak bermatuko dituen barne-merkatu bat ezartzea; enplegu betea eta gizartearen aurrerabidea jomuga dituen lehiakortasun handiko merkatuko ekonomia sozialaren garapena bermatzea, gizarte-baztertzearen, diskriminazioaren eta desberdintasunen aurka borrokatuz; ingurumena babestea eta garapen iraunkorra sustatzea; Estatu kideen artean ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa bermatzea; herrialdeen kultura- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatzea eta Europaren kultura-ondarea babestea; ekonomia- eta moneta-batasuna ezartzea, moneta hori euroa izanik; bere balioen errespetua sustatzea, bakea, segurtasuna, garapen iraunkorra, herrien garapena eta giza eskubideen babesa bermatzeko munduko gainerako herrialdeekin dituen harremanetan”.

Erakunde-esparru bakarra duen erakunde juridikoa ere bada, eta Europako Kontseiluak, Europako Parlamentuak, Europar Batasuneko Kontseiluak, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eta Europako Batzordeak osatzen dute. Eratu zenean, erabaki-hartzea Europar Batasunaren Itunak (Maastrichteko Ituna) ezarritako hiru zutabeen egituran zegoen oinarrituta. gaur egun, Lisboako Itunak zuzenbide komuneko prozedura bat ezartzen du, “legegintzako prozedura arrunta” izenekoa; kanpo- eta segurtasun-politika bateratuaren alorrean salbu, zeinak gobernu arteko izaerari eusten dion, eta zigor-arloko lankidetza polizial eta judizialaren esparruetan salbu, Estatu kideek botere garrantzitsuarekin jarraitzen duten prozedura partikularrak egiten jarraitzen baitira, zuzenbide komuneko erregimenaren barnean hartuta badaude ere.

Print Friendly

Bibliografia