Arrazoi humanitarioengatiko aldi baterako bizileku-baimena

||

Nazioarteko babesaz gain (asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa), Atzerritarrei buruzko Legean eta hura aplikatzeko Erregelamenduan aldi baterako bizileku-baimena emateko aukera aurreikusten da salbuespen-egoera jakin batzuetan; hala nola: errotzea, arrazoi humanitarioak, agintariekin lankidetzan jardutea, nazio-segurtasuna edo interes publikoa.

Erregelamendu horren 126. artikuluan, baimen hori arrazoi humanitarioengatik zein kasutan eman daitekeen zehazten da. Hona hemen:

  • Zigor Kodearen 311-315, 511.1 eta 512 artikuluetan tipifikatutako delituen biktima izatea; arrazismoarekin, antisemitismoarekin edo Zigor Kodearen 22.4 artikuluan tipifikatutako bestelako diskriminazio motaren batekin loturiko arrazoien inguruabar astungarria duten delituen biktima izatea; edo familia-ingurunean jazotako indarkeriazko jokabideen delituen biktima izatea, betiere delitu horien biktima direla ezartzen duen prozedura judiziala amaitzen duen ebazpen judiziala emanda dagoela.
  • Gerora sortutako gaixotasun larri bat egiaztatzea, betiere gaixotasun horrek eskatzen duen osasun-asistentzia espezializatua jatorrizko herrian lortzea ezinezkoa baldin bada, eta asistentzia hori ez bada jasotzen edo eten eginez gero, osasuna edo bizitza arrisku larrian jartzen bada.
  • Salbuespen gisa, gaixotasunak ez du gerora sortutakoa izan beharrik baldin eta asistentzia behar duena adingabea baldin bada eta egonaldia luzatu behar bazaio, Estatu espainolera tratamendu medikoa hartzeko etorri den kasuan.

  • Dagokion bisa eskatzeko, pertsona bat jatorrizko edo etorri den herrialdera eramatea beretzat edo bere familiarentzat arriskutsua izan daitekeela egiaztatzea, baita aldi baterako bizileku-baimena edo aldi baterako bizileku- eta lan-baimena eskuratzeko gainerako betekizunak betetzen dituela ere.
  • Asilo Legearen 37. artikuluaren arabera, nazioarteko babesa ukatu zaion pertsona batek baimen hori lortu ahal izango du baldin eta atzerritarrei eta immigrazioari buruzko araudian aurreikusitako aurretiazko eskakizunak betetzen baditu. 46.3 artikuluari jarraiki, Estatu espainolaren ustez kalteberatasun bereziko egoeran dauden pertsonei bizileku-baimen mota hori eman ahal izango zaie; besteak beste, honako pertsona hauei: adingabeei, inoren kargura ez dauden adingabeei, haurdun dauden emakumeei, adingabeak dituzten guraso bakarreko familiei, salerosketa-biktimei, eta torturak, bortxaketak edo bestelako indarkeria psikologiko, fisiko edo sexuala jasan dutenei.

    Print Friendly

    Bibliografia

    • 12/2009 Legea, urriaren 30ekoa, Asilo Eskubidea eta Babes Subsidiarioa arautzen dituena

    • 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoa.

    • 557/2011 Errege Dekretua, apirilaren 20koa; Errege Dekretu honen bidez onartu egiten da 4/2000 Lege Organikoaren Araudia, Espainian dauden atzerritarrek dituzten eskubide eta askatasunei eta euren gizarteratzeari buruzkoa