Giza mugikortasuna

||

Romerori jarraiki, planteamendu horrekin lotura handiena dute, besteak beste, honako alderdi hauek: herrien elikadura-subiranotasunak, baita energiaren eta politikaren arloko subiranotasunak ere; emakumeen autonomiak eta emakumeen aurkako indarkeria patriarkalaren ezak... “Kontzeptu horiek guztiek, itxuraz, ez dute zerikusirik migrazio-kontuekin, baina denek batera mugitzeko askatasunaren egiazko eskubidea eratuko lukete, mugak desagerraraziz gero”. Bertan gelditzeko eskubidea ezin da bereizi gabetzetik, natura-baliabideak eta gune geoestrategikoak eskuratzeko lurraldeak husten dituen metatze-sistema kapitalistatik; baina, halaber, ezin da sistema kapitalistak helmugan dituen dinamiketatik, pertsonak soilik produkzio-potentzialaren arabera ebaluatzen dituzten dinamiketatik. Egile horren esanetan: “(…) migrazio-prozesu ugaritan ikus dezakegu jatorrizko herrialdeko mugikortasun behartuak –lurraldeak husteko– bat egiten duela helmugako herrialdean miseriazko lan-indar handiaren premiarekin. Gaur egun, mekanismo horrek funtzionatzen jarraitzen du: Afrikan edo Latinoamerikan milioika hektarea okupatzen dira esportazioko monolaborantzarako, meatzeetako eta hidrokarburoak erauzteko jardueretarako, energia-zentral handiak eraikitzeko eta abarrerako, baina hori egin aurretik milioika lagunen desplazamendu behartua eragin behar da. Lagun horietatik zenbaitek barne-migrazioa pairatzen dute eta kanpoaldeko megalopolisetako auzo pobreak gero eta gehiago zabalarazten dituzten herritar bihurtzen dira; baina beste batzuk herrialde garatu esaten diegun horietara iristen dira, etorkizun hobea izango dutelakoan”. Azken horiek Europara iristen dira, eta soilik eta betiere lan-merkatuan eskulan “merkeagoa eta otzanagoa” behar baldin bada; hartara, eskubideez gabetuta, eskulan askoren ‘premian’ dauden sektore ekonomikoen garapenerako ezinbestekoa den rola hartzen dute euren gain.

Bibliografia

  • OIM (2012): Gestión Fronteriza Integral en la Subregión Andina. Módulo de capacitación para una gestión fronteriza integral que garantice los derechos humanos de las personas en movilidad y combata la trata de personas y el tráfico ilícito de migrantes. Migrazioetako Nazioarteko Erakundea eta Juristen Andeetako Batzordea. Lehen argitaraldia, Lima.

  • Romero, E. (2013): En Colombia las empresas españolas ocupan territorios previamente vaciados con violencia. Webgune honetan: eldiario.es. http://www.eldiario.es/quehacemos/que_hacemos_con_las_fronteras_migraciones_CIE_redadas_6_177492272.html