Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak (CIE): ametsek, bidegabekeriek eta izuak bat egiten duten guneak

Sara Verdú Vila.

Atzerritarrak barneratzeko zentroak (CIEak) ixtearen aldeko kanpaina: CIEak EZ

sara_verdu

Gure hirietako leku ezkutuenetan gordeta daude legez kanpoko egoeran dauden etorkinak atxilotzeko zentroak; paperak ez izate hutsagatik pertsonak giltzaperatzen dituzten lekuak.Gune horien bitartez, munduari erakutsi nahi diote gizon-emakume guztiak ez direla berdinak, ez duintasunez, ez eskubidez.Beldurraren fabrikak dira, eta horien izate hutsak agerian uzten du muga-hirian dauden ezkutukoek bizi duten egoera iheskorra.Sarekada arrazistetatik ihes egiten dute, Polizia Nazionalak haien azal-koloreagatik atxilotzen baitituzte, bai eta paperik ez izateagatik ere.Ihes egiten dute, kriminalizatu ez ditzaten.

Horrela, paperik gabekoek kapitalaren aparatuaren joera makurrenak jasan behar izaten dituzte.Aparatua pertsona horiez baliatzen da, langileriaren eskubideak gutxitzeko, ezerezean uzteko[1].Esplotazio-baldintzak salatzeak areagotu baino ez du egiten, gosetik, gabetzetik, jazarpenetik, gerratik edota pobreziatik ihesi, urrunetik etorritako pertsona horiek berriro ere heriotzaren eta bidegabekeriaren itsasora botatzeko arriskua, herrialdetik kanporatzearen ondorioz.

Atzerritarrak barneratzeko zentroak migrazioen aurkako errepresioaren beste maila bat baino ez dira, mugako indarkeriarekin hasten dena: “inor ez etortzea, inor ez pasatzea” da xedea.Etnia-profilak eragindako sarekadetako indarkeriarekin jarraitzen du: “baimenik gabe datorrena, harrapatu egingo dugu”.Gero, atzerritarrak barneratzeko zentroetan giltzapean egoten dira: “baimenik gabe datorrena, zigortu egingo da”.Eta amaitzeko, jaioterrira itzularazteko hegaldietan, edo lotsaren hegaldietan, jasan behar izaten dituzten kanporatze bortitzak aipatu behar dira; hegaldi horietan izaten duten irakasgai gogorraren bidez, bizi-baldintzak hobetzeko tentaldia sentitzen duten pertsonak doktrinatu nahi dira: “hona etortzen ahalegintzeak ez du ezertarako balio; iristen den pertsona oro harrapatu, giltzaperatu eta kanporatu egiten baita”.

Pertsonak identifikatu, Justiziaren eta Zuzenbide Estatuaren bizkar sortutako kartzela horietan sartu, eta herrialdetik kanporatzeko mekanismo horren bidez, zitalkeriaren eta bidegabekeriaren itsasoan murgildu nahi dira.Baina muga-politikaren logikak ezkutuko migrazioa —gure zergen bitartez— kriminalizatzen duen bitartean, beste horiek, eskubiderik gabekoek, erabili eta botatzekoek, bizirautearekin egiten dute amets.

Gizakiak sailkatzen tematzen den gizartearen konplize den isiltasun sorgarria izan arren, atzerritarrak barneratzeko zentroetan sartuta dauden pertsonak ez daude bakarrik.Haien alde ahotsa goratzen dute zenbait elkartek, gizarte-mugimenduek, alderdi edo sindikaturen batek, eta baita zentro horiek ixteko eskatzen duten zenbait epailek ere.

Zigorgabetasunaren, ilunzaletasunaren, opakutasunaren eta babesgabetasunaren paradisutzat hartzen dira; ez-leku horietan, giza eskubideen urraketak jasaten dituzten biktimek ez dute prozesu judizial egoki bat izateko aukerarik.Ez-leku horietan, sarrera debekatzen zaie komunikabideei, Sindic de Greugesi[2](herriaren defendatzailea), bai eta epaileei ere[3].Leku horietan, pertsona batek ezin ditu defendatu gizaki izate hutsagatik —paperduna edo gabea— dagozkion eskubideak.

Askotariko instantziek egindako txosten ugaritan jaso dira zentro horietan gertatzen diren eskubide-urraketak.Besteak beste, salaketa hauek egin dira: egitura-baldintza umiliagarriak, eskubide-urraketa orokorrak, indarkeria fisikoa eta psikologikoa, sexu-gehiegikeriak, eta bizitzak galtzea eragin duten beste baldintza batzuk[4].Amaiezinak dira zentro horiek ixteko norbanakoek eta taldeek egin dituzten ahaleginak.Zentro horiek sustengatzen dituzten estrategia politikoak bezain amaiezinak.Orain, atzerritarren egonaldi kontrolatuko zentroak (Centros de Estancia Controlada de Extranjeros – CECE) izena jarri nahi diete. Izena aldatzearekin, ordea, lortuko al dute zentroek duten estigma ezabatzea?Orain, arautu egin nahi dituzte, baina zertarako arautu inoiz sortu behar ez zen hori?

Ez da arautu behar inoiz sortu behar ez zen hura[5].Ezkutuko migrazioaren aurka borrokatzeko bide bakarra dago; hau da, espolioarekin eta neokolonizazioarekin amaitzea.Europak ezin du jarraitu herriei beren baliabideei esker bizitzen oztopatuz.Europak ezin du jarraitu inguruko herrialdeetan inposatutako gatazkei eta gerrei etekina ateraz.Egoerak horrela jarraitzen duen artean, ezkutuko migrazioak ere jarraitu egingo du: mugekin nahiz mugarik gabe, kontzertinekin edo gabe, Frontex agentziarekin edo gabe, Eurosur sistemarekin edo gabe.

Gizakiak borrokatzen jarraituko du bizirauteko.Erresistentziaren bidea hasi baino ez da egin.Hala idatzi du historiak.Hala ikasi dugu, giltzapean igarotako aldian, beste mundu bat posible dela irakatsi digutenengandik.Erakutsi digute edozertarako prest daudela gertatu zaiena berriro gertatu ez dadin.

Nourak polizia nazional bat salatu zuen 2010ean sexu-gehiegikeriengatik, eta prozesuan esku-hartzerik izan gabe, kanporatu egin zuten[6].Youssefek eta Redouanek polizien erasoak salatu zituzten Zapadoreseko atzerritarrak barneratzeko zentroan gose-greba bat egiten ari zirela; protesta hura beraien eskubideak urratzen zirela salatzeko egin zuten[7].Yanirari GIBaren aurkako tratamendu erretrobirala eten zioten, eta Olga Fernandak ezin izan zuen haurdunaldia eten berak hala nahi izan arren.Salerosketaren biktima izan zen Beautyk ezin izan zuen asilo-eskaera egiteko prozedura hasi, ez zioten utzi, ez eta atzerritarren legean xedatutako babesa jaso ere.

Noura, Youssef, Redouan, Yanira, Olga Fernanda eta Beautyk irakatsi digute ezagutzen ez den eskubidea defendatzen ez den eskubidea dela, eta defendatzen ez den eskubidea galdu egiten dela.Horiek guztiek, eta beste hainbat gizon-emakumek, egunero erakusten digute pertsona guztiok berdinak garela duintasunari eta eskubideei dagokienez.Hori da, hain zuzen, pertsona horien eskutik, arrazakeriaren eta kriminalizazioaren aurkako gizarte-erakundeek eta ekintzaileek ikasten dugun bidea.

Gizaki bakar bat ere ez baita legez kanpokoa.Sarekadak eta deportaziorako hegaldiak amaitzearen alde.Atzerritarrak barneratzeko zentroak inongo hautabiderik gabe ixtearen alde.Beste mundu bat posible delako, eta premiazkoa eta beharrezkoa delako.

Oharrak


[1]   Egungo atzerritartasun legearen arabera, paperik gabeko pertsonek bi edo hiru urtez egon behar dute legez kanpoko egoeran Espainiako estatuan bizitzea eta lan egitea baimentzen duten paperak lortzeko.Eskubiderik gabeko aldia da, eta aldi horretan, inork ez ditu salatzen jasan behar izaten dituzten lan-esplotazioko egoerak, atxilotzeko edota kanporatzeko beldurra dela eta.Bien bitartean, esplotazioaren nahiz lana izaten jarraitzearen trukean eskubiderik ez eskatzearen birusa zabalduz doa, bai paperak dituzten etorkinengan, bai bertako langileengan.

[2]   Sindic de Greugesi (Kataluniako herriaren defendatzaileari) debekatu egiten diote Bartzelonako Zona Francako CIEan sartzea.Sindicak (defendatzaileak) berak salatu du “Zona Francako CIEan tratu txarrak egoteko baldintzak daudela”.

[3]   2013ko maiatzean, barne-ministroak, Atzerritarrentzako eta Mugetarako Komisari Nagusiaren bidez, Barranco Secoko (Kanaria Handia) CIEa bisitatzeko baimena ukatu zien 24 epaileri eta 5 fiskali.

[4]   Azken bi urteetan, esaterako, hiru pertsona hil dira oraindik argitzeke dauden baldintzetan. Samba Martine Aluceko (Madril) CIEan hil zen 2011n; ez zuen jaso GIBaz kutsatuta dagoen pertsona batek behar duen tratamendu egokia, zentroan ez zutelako haren mediku-txostena. Idrissa Djiallo, berriz, Zona Francako (Bartzelona) CIEan hil zen 2012ko Errege-egunaren bezperan, 21 urte zituela; berehalako osasun-laguntza eskatu zuen, baino ez zuten garaiz artatu. Azkenik, Alik Manukyan 2013ko abenduaren 3an hil zen, hori ere Zona Francako CIEan, “hilik agertu zen” isolamendu-ziega batean.

[5]   Atzerritarrak barneratzeko zentroak ixtearen aldeko kanpaina: CIEak EZ

[6]   Atzerritarrak barneratzeko zentroak ixtearen aldeko kanpaina: CIEak EZ, ¿Cuál es el delito? (Zein da delitua?). Helbide hauetan ikus daiteke:estekara jo eta estekara jo

[7]   estekara jo

 

Print Friendly