Erbesteari buruzko bakarrizketa

Rosa Isela Pérez.

Mexikar kazetaria, Espainiako estatutan errefuxiatua

rosa_isela

Isilean egiten zuen negar, leihatilatik urrunen zegoen banku batean.Afrikarra zen, eta egun batzuetan kalean lo egin zuela zirudien.Nik begiratu egiten nion, haren begiek begiratzen ari nintzaiola hauteman ez zezaten saiatuz.Entretenitu egin nintzen.Une batez, hesi bat jarri nien eztarria gogorrarazi zidaten oroitzapenei.

Gero benetan axola zitzaidan hura ekartzen nuen gogora: nire familia nirekin zegoen, eta hori dena zen.3 ordutik gora generamatzan elkarrizketatzeko zain Asilo eta Babeserako Bulegoan (OAR), eta azkenean, denborak suntsitu egin zuen oroitzapenak gordetzeko neure buruari jarri nion hesi hura.Oroitzapen guztiak etorri zitzaizkidan gogora.

Pentsatu nuen dena poliki gertatu zela, interesek bultzatutako pazientzia zuhurraz; dena zegoen oso ongi prestatuta.

Desagertutako eta eraildako emakumeen istorioei buruz idazten hasi nintzenean, ez nuen uste urte batzuk geroago nire jaioterritik, Ciudad Juareztik, alde egin beharko nuela.Eta are gutxiago, nire lankide izan ziren pertsona batzuek bizkarra emango zidatela.

Biktimen familien bertsioa argitaratzea, desagerpenei eta erailketei buruzko hipotesiak, ikertzeaz arduratzen diren pertsonen arduragabekeria eta ustelkeria… Lehen mailako gaiak ziren lan egiten nuen komunikabidearen interesei komeni izan zitzaionean.Baina gero, bakarrik gelditu nintzen kazetaritzaren lubakian.

Argitalpen horiek zirela eta, Patricio Martínez García Chihuahuako orduko gobernadorearen seiurteko osoa (1988-2004) El Norte egunkariko zuzendariekin liskarrean eman nuen.Niretzat, gertaera hura ez zen ezer izan beste herrialde batean bizi behar izan nituen ondorioekin eta aurre egin behar izan nien egoerekin alderatuta, nire familiarengandik urrun, berriro hastera behartuta… Eta orain berriz, hutsetik hasi behar.

Afrikar emakumeak ez zuen inongo interesik sortu bere malkoak zirela eta.Bakarrik zegoen.Eta ni, nire senarrarekin eta seme-alabekin egon arren, berdin sentitzen nintzen.Lehen mehatxua jaso ondoren sentitu nintzen modu berean, nahiz eta hasieran ez nuen beldurrik sentitu.Ez nintzen ohartzen Ciudad Juarezko jendearen bizitzak ez duela inongo kostu politikorik segurtasun-arduradunentzat.Inor ez da ezeren erantzule.

Nire posta elektronikora mezuak iristen ziren, irainak eta mehatxuak.Zenbaitetan, hau baino ez zuen jartzen: “here, the serial kileers”.Egunkariko zuzendariari jakinarazi nion, baina ez zuen ezer egin.Salaketa ez zen jakitera eman ere egin.Halaber, alferrik izan zen harekin hitz egitea nire amari egin zizkioten deiei buruz.Erantzun zidan nahi banuen salatzeko, baina ez nuela kasurik “guk bai baitakigu gauza horiek egiten dituzten pertsonak ikertzen dituzten pertsona berak direla”.Ez nuen egunkariko inorekin gai hari buruz gehiago hitz egin; mesfidantza geroz eta handiagoa zen, ustelkeriatik libre ez dagoen giro hartan.

Egoerak okerrera egin zuen 2001eko azaroan, eraildako 8 emakume aurkitu zituztenean Campo Algodonero deritzon eremu ezagun batean.Torturaren bitartez, erruduntasun-aitorpenak atera zizkieten bi gizoni.Akusatuen familiek bahiketa- eta erailketa-saiakerak jasan zituzten.Eta Mario Escobedo eta Sergio Dante Almaraz Mora akusatuen abokatuak erail egin zituzten.Aurrez, ordea, azken abokatu horrek Victor Javier García Uribe, 8 erailketez akusatutako gizonetako bat, aske uztea lortu zuen, baina kartzelatik irtetean, ez zuen hitzik esan, bere bizia babesteko.Gustavo Gonzalez, beste akusatua, Chihuahuako segurtasun handieneko presondegian hil zen, kirurgia baten ondoren.Haren familiak hura hiltzeaz salatu zuen gobernua.

Irregulartasun haiekin batera, izena zikintzeko kanpaina bat egin zuten.Orduan, biktimen familiak, giza eskubideen defendatzaileak eta zigorgabetasun hura salatu genuen kazetariak izan ginen jomuga.“Feminizidioaren mito” izendatu zutenarekin hiriaren irudia zikintzea leporatu ziguten, eta arazo hori baliatuz dirua irabaztea.Gobernuaren kanpaina hari babesa eman zioten hainbat komunikabidek, enpresaburuk eta bi unibertsitateko zuzendariek.Jendaurreko lintxamendua izan zen, eta horrez gain, lintxamendurako deia egin zuten.

Aldi berean, beste gobernu-administrazio bat iritsi zen boterera, eta El Norte egunkariak bere ildo editoriala aldatu zuen.Bat-batean, emakumeen aurkako indarkeriaren gaiak garrantzia galdu zuen; hirugarren mailako albistea zen zortea zen egunetan, eta beste batzuetan, berriz, nik idatzitako informazioa aldatu egiten zuten.Azkenean, kaleratu egin ninduten.

Gero, lan egiteko betoa jarri zidaten.Eman zidaten arrazoia hauxe: “hiriaren irudia zikindu nuela, feminizidioaren mitoari buruz idatzi nuelako”.Hau da, diskurtso ofizialaren mezu bera.

Erail baino sei hilabete lehenago, Sergio Dante Almarazek esan zidan El Norte egunkariko zuzendariak Gobernuko funtzionarioekin bildu zirela.“Negoziatu egin zuten.Orain, ez didate deirik hartzen ere.Ulertu nuen komunikabideetan ez dagoela lagunik.Beren burua saldu zuten”.Horrela azaltzen dut nire kaleratzea ere.

Bat-batean, afrikarrari deitu zioten, une batzuez bada ere, errealitatetik libratu ninduen emakume hari.

Nire aurretik pasa zenean, tristura ikusi nuen bere begietan, nire familiak Ciudad Juarezko aireportuan agurtu ninduenean sentitu zuen tristura bera.Eszena mingarria zinez, inoiz ahazten ez dena.

Ezin nuen sinetsi nire senarrarekin eta seme-alabekin beste herrialde batean nengoenik, bizi ginen lekutik oso urrun; dena utzi genuen, dena galdu.Feminizidioen ondorioak ez dituzte biktimen senideek eta lagunek soilik jasaten.Zigorgabetasun hori salatzera ausartzen direnentzat, alferrikakoak dira erakundeak, lege berriak edota justizia agintzen duten diskurtsoak.

Egunkaritik kaleratu nindutenean, mehatxuak amaitu egin ziren denboraldi batez, baina berriro hasi ziren 2009an; izan ere, zenbait erakundek eta feminizidioen biktimen familiek Campo Algodonero eremuko kasua zela-eta Mexikoren aurka hasi zuten prozesuaren baitan, nire lekukotasuna bidali nuen Giza Eskubideen Amerikarteko Gortera (CoIDH).Une horretan, epaiketa amaitzen ari zen.

CoIDHk behin-behineko neurriak ezarri zituen berehala nire alde, baina Mexikoko gobernuak bi aldiz egin zion uko neurri haiek betetzeari.Ezin zen ezer itxaron nire segurtasuna zaintzeko ardura zuten haiengandik.

Zorte handia izan nuen Mexikotik irten ahal izateko hainbat pertsonak eta erakundek eman zidaten laguntza izatean, baina aldi berean, mingarria izan zen lehen pertsonan bizitzea emakumeen eskubideen inguruan dagoen itxurakeria, Mexikoko estatuak haiek babesteko konpromisoa zuela jakinik.

Emakume batek deitu zidan, Asilo eta Babeserako Bulegoa ixtear zirela, ia-ia.Nik kontatutakoa idatzi zuen, zirkinik egin gabe.Handik urtebetera, baiezkoa eman zioten nire eskaerari, baina egoera zalantzazkoa zen oraindik, lan-integrazioari zegokionez.Eta hala izaten jarraitzen du oraindik.

Herrialde honetan daramadan denboran, hainbat herrialdetako emakume askoren aurpegiak ikusi ditut, denak ere afrikar haren aurpegiaren antzekoak, tristura bera, ahultasun-egoera bera… Indarkeriazko egoeren ondorioak nabaritzen zaizkie, baina borrokan jarraitzen dute, beraientzat erbestea den herrialde batean aurrera egiteko.Eta neure baitan pentsatzen dut: nola gerta daitezke horrelako gauzak emakumeak babesteko hainbeste lege izanda, hainbeste diskurtso eta erakunde?Denbora luzea behar izan da bidegabekeriazko egitura hori eraikitzeko, eta noski, halaber luzea izango da horri buelta emateko bidea.

Print Friendly