Bidaia-egunkaria

Gustave Kiansumba

Giza eskubidezko defendatzailea. Lucilda jumena Rozas eta Jon Solargurenek egindako elkarrizketa.

gustave

Gustave Kiansumba naiz.Orain dela 41 urte jaio nintzen Bas-Congon, Kongoko Errepublika Demokratikoaren mendebaldeko probintzia batean.Nire kulturan, abizenak ez du zertan aitarena edo amarena izan; hau da, izan daiteke miresten den pertsona batena, herrian egindako asmakizun batena edota totem batena (zenbait kulturatako mitologian tribuaren edota pertsona baten ikurtzat hartzen den objektua, izakia edo animalia, askotariko ezaugarriak eta esanahiak izan ditzakeena).Belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, eta garrantzi handia du kultura-balioetan; hori da, hain zuzen, nire izenaren kasua.Kiansumba nire amaren anaiarena da, giza eskubideen aldeko ekintzailearena.Hark honela zion: “bizitzaren gakoak dira pazientzia, irmotasuna eta adorea”.

Sentipen hori iradokitzen du, hain zuzen, Gustavek. Gustave asilo-eskatzaile bat da, kongoarra, eta Mobutu presidentearen erregimenaren aurkako UDPS alderdiko militante izateagatik jazarri zuten.Inork ahotsik altxa ezin duen herrialde batean, Gustave unibertsitateko liderra zen; Nekazaritzako Ingeniaritza ikasten zuen, eta poliziaren nahiz armadaren jomugan zegoen, une oro.Horren ondorioz, Gustave bera eta bere familiakoak, lagunak, bikotea eta borroka-lagunak atxilotu eta torturatu egin zituzten.

Azkenean, testuinguru hartan utzi zuen Gustavek bere etxea, behin betiko; Kongo-Brazzaville ondoko herrialdean bi egonaldi labur egin ondoren, bidaiari ekin zion, beldurrik gabe bizi ahal izateko leku baten bila.Norako zehatzik gabeko bidaia izan zen, hainbat herrialdetatik barna: Kamerun, Nigeria, Niger, Mali, Libia, Aljeria, Maroko eta Espainia.Geltoki ugari igaro zituen, Kinshasatik Bilbora bidean: Brazzaville, Duala, Kano, Agadez, Sabah, Djanet, Illizi, Ouargla, Tin Zouatin, Tamanrasset, Bamako, Oran, Maghnia, Oujda, Nador eta Afrikako basamortuko beste hainbat leku, Tarifa, Jerez de la Frontera… Zerrenda amaigabea, 10 urte luzeko (azken 5 urteak Espainian) migrazio-prozesuaren gogortasuna eta konplexutasuna agerian uzten duena, neurri batean.

Gustavek kontrabandorako erabilitako jeepak aipatzen ditu, bizimodu hobeagoaren bila pilatuta doazen pertsonez gainezka; tuaregek kontrolatutako gamelu-ilarak; ikaragarrizko hotzaz izar azpian oinez igarotako gauak; eguzki berotan lo egindako egunak, harrapatu ez zitzaten… Ur-eskasia gogoratzen du, eta tapioka-irina, kakahueteak, kus-kusa eta bidaia errazago egiteko elikagai egokiak jaten zituztela. Egoerara egokitu behar izan zuen, eta iraun, aurrez ibilbide bera egin zuten milaka pertsona anonimoren lekukotasunei eta haiek bizi izandako esperientziari jarraiki.

Baina bidaia guztia ez zen berdina izan.Saharaz hegoaldeko Afrikan, beti aurkitzen duzu lo egiteko lekua utziko dizun norbait.Pobrezia eta gerrak egon arren, harrera hobea da han.Kongo-Brazavillen egon nintzen lehen aldian, ez seniderik, ez beste ezer, pertsona batek etxean hartu ninduen.Geroago, Kamerunera joatea erabaki nuenean, ziur nengoen lagunduko ninduen norbait aurkituko nuela.Dena den, iparralderantz egin ahala, hizkuntza-eragozpenez gain, gero eta nabariagoak dira kultura- eta erlijio-desberdintasunak.Libian, esaterako, lana lortzeko, musulmantzat aurkeztu zuen bere burua: Noureddine esaten zidaten.Eta noski, mugitzeko lehen arazoak sortu ziren: paperen beharra, zeukan urria galtzeko arriskua, deportatua izatekoa.Espainiar estatua ez da baimenekin, bisekin eta kontrolarekin itsututa dagoen herrialde bakarra.Egoera hori askotan errepikatu zen, ibilbidean zehar.Libian ez nituen beharrezko agiriak.Beraz, poliziak atxilotu egin ninduen, eta lanean aurreztu nuen diru guztia kendu.Aurrera egiten uzteko modu bakarra neukan guztia ematea zen.

Agadezen (Niger), bikote batek eskatu zidan haiekin Sabah hirira (Libia) arte joateko.Ez zen nire asmoa hara joatea, Aljeriara joan nahi nuen, baina agindu zidaten bidaia ordainduko zidatela baldin eta elkarrekin joaten baginen eta gidaritza nik hartzen banuen; hau da, bidaiaren antolatzaile bihurtzen banintz.Ibilbide horiek nork egiten zituen jakin nuen, nork antolatzen zuen ongi, nor aprobetxatzen zen eta nork egiten zuen iruzur.Jendeari aurre egiteko beldur ziren, eta nik jakinduria nuen, ausardia.Haien zaintzailea nintzen.Edozein lekutan, arriskua zegoen edozein lekutan, hitz egin behar nuen, gauzak moldatu.

Hala, Gustave prestaketa-lan guztiez arduratu zen; hirurak beste 40 bat lagunentzako lekua egin zuten jeep batean joateko aukera hitzartu zuen.Praktikan, gaueko azken geltokia Sabahtik 80 kilometrora zegoen, iluntasunaren erdian.Han hasi zen abentura lazgarriena.Erasotzaileekin topo egin genuen; dirua eta baliozko objektuak nahi dituen jendea, tuaregen tribu bat.Gameluetan joaten dira, eta armak eramaten dituzte soinean.Ingurune horretan ibiltzen dira, bai baitakite immigranteak bertatik pasatzen direla.Gerturatu, airera tiro egin eta mehatxatu egiten dute, nork bere gauzak haiei emateko.Kontrolatu egiten dute, eta ordaindu egin behar zaie, beraien gameluetara igotzen utzi eta mugaraino eramateko.Bikote haren ardura nuenez, tuaregekin hitz egitera joan behar izan nuen, eta esan nien nire anai-arrebak zirela, eta neska gaixo zegoela.Zorte handia izan zuen, eta ez zuten ukitu.Kontakizunaren une horretan, Gustavek gora jaso zuen begirada, eta honela esan zuen:Asko ikusi dut; ez da neskentzako bidaia bat, laguntzaren trukean sexua izatera behartzen dituzte eta.

Hainbat ezbeharren ondoren —Malira deportatzea barne—, eta hainbat hiri (Djanet, Oran, Maghnia eta Oujda) zeharkatu eta gero, Nadorrera iritsi zen (Maroko); han, Melillaren muga-hormatik gertu dagoen basoan sartu zen.Baso hura izan zen bere babeslekua aldi batez, beste hainbat pertsonen ondoan, Maroko eta Espainiako lurraldea banatzen dituen hesia zeharkatzeko une egokienaren zain.

Bi porroten ondoren, Gustave hirugarren aldiz saiatu zen; azken saiakera hori igerian egin zuen, eta Melillako hondartza bateko itsasertzera iritsi zen.Lehenbizi, kostara arte oinez joan behar izan nuen; hesia amaitzen zen lekura arte.Melillara igerian sar daiteke, marokoarrek ez baitute kostaldea hainbeste zaintzen.Orduan, leku hartaraino jaitsi nintzen, eta igerian hasi nintzen, itsasertza inguratuz; 45 minutuz bizkarka egin nuen igeri, auto baten gurpilaren barruan, ahalik eta soinu gutxien eginez.Baina Guardia Zibilaren ontzia agertu zen.Uretatik atera ninduten, eta gogor jo… leher eginda gelditzeraino.Barre egiten zidaten, argazkiak atera…Gero hesira eraman ninduten, eta Marokon utzi ninduten berriro, Oujdara itzularazteko.  

Gogorrena eta zailena ez zen izan muga zeharkatzeko saiakeran huts egitea; basoan ezkutuan zeudela ezagututako hainbat lagunen hilketa ikustea latza izan zen oso Gustaventzat.Marokoko poliziak, Guardia Zibilaren konplizitateaz, muga zeharkatzen saiatu ziren Saharaz hegoaldeko zenbait lagun hil zituen; haien artean zen Kamerungo mutil bat, basoko egonalditik oso ongi ezagutzen nuena.19 edo 20 urte zituen.Egun batean, arma batez, benetako arma batez, tiro egin zioten.Egun hartan erabaki nuen gehiago isilik ez gelditzea.Manifestaldi bat egin genuen; basotik atera ginen haren gorpua hartuta, eta ozen esan genuen: “Ondo da, gure lagunak hil dituzue, baina orain, denok hil behar gaituzue”.Azkenean, harrapatu egin gintuzten, eta Oujdara deportatu.

Muga-hesiaren eta Oujdaren arteko joan-etorri haiek atsekabetu egin zuten Gustave, eta une batez, berriro ez saiatzea erabaki zuen; hala, hiri hartan gelditu zen denboraldi batean.Oujdako unibertsitateko lursailetan bizi zen. Unibertsitateko errektoreak eta ikasleek gelditzeko aukera ematen diete (baita gaur egun ere) arrazoi humanitarioengatik arrisku-egoeran dauden pertsonei; izan ere, Poliziak ezin du leku horretan sartu.Baldintza gogorretan bizi arren, edota agian horregatik, une horretan erabaki zuen berriro ekitea giza eskubideen aldeko ekintzailetzari; gehiegikeriazko kasuak salatu zituen han lanean dauden erakundeetan.

Toki-erakundeekin hasi nintzen lanean, eta gero, Mugarik Gabeko Medikuak erakundearekin.Zeregin hark motibatuta sentiarazten ninduen.Ni nintzen immigranteen eta erakundeen arteko zubia.Adi egoten nintzen, han bizi ziren bost mila pertsonek (gizon, emakume nahiz haurrek) arazoak zituzten edota gaixorik zeuden zainduz.Hori zen nire egitekoa, batez ere.

Baina bere lanaren ikusgaitasunak (salaketek, etab.), jendaurrean gehiegi agertzeak, bazuen arriskurik Gustaventzat, eta beti ez zuen ondo neurtzen.Oujdako giza eskubideen aldeko toki-erakunde baten bitartez, Saharaz hegoaldeko immigrante batzuek jasandako hilketa salatu nuen Marokoko Gobernuaren aurrean.Atxilotu eta kartzelan sartu ninduten.Pentsa, salaketa bat egin nuen, paperik izan gabe, ezer izan gabe.Hango erakundeek babesa eman zidaten, baina jada oso nekatuta nengoen; eta beraz, berriro Espainian sartzeko ahalegina egitea erabaki nuen.

Hainbat kontaktu zituen, eta azkenean, haiei esker, ontziratu zen patera Cadizeko kostara iritsi zen.Marokoarrek Saharaz hegoaldeko pertsonak bilatzen dituzte, haiek muga zeharkatu nahi duten beste batzuk lor ditzaten.“Begira, berrogei lagunentzako patera bat dugu; bezeroak nahi ditugu”.Horiek beren herrikideei ordaintzen diete, eta haiek, gero, marokoarrei ematen diete dirua.Baina nik uste dut espainiarrekin harremana dutela.Bestela, nola dakite pertsona horiek noiz den egun egokia muga zeharkatzeko? Nola dakite noiz dagoen kontrol gutxiago kostan?

Eta zer zuen zain Espainian?Guardia Zibilak atxilotu eta gero, atzerritarrak barneratzeko zentro batean sartu zuten.Bere lehen asilo-eskaera izapidetzea onartu zutenean, harrera-pisu batean sartu zen.Dena den, aukera hura utzi, eta Bilbora joan zen; bertan, bigarren asilo-eskaeraren ebazpenaren zain jarraitzen du.

Irakurri berri dugun bizipena hainbat istorioetako bat da, baina Gustaven zenbait ezaugarri ditu, pertsonal, bakar eta besterenezin egiten dutenak: unibertsitarioa, nekazaritza-ingeniaria, giza eskubideen aldeko ekintzailea, lidergorako gaitasuna duena… Egun, giza eskubideen alde lan egiten jarraitzen du, kongotar gisa, bilbotar gisa. CREA (Centro de Recursos Africanistas) erakundetik, gizartean parte hartzeko prozesuak sustatuz jarraitzen du, bai eta hemen nahiz Marokoko mugan (kontaktu ugari baititu han) gertatzen diren hainbat eta hainbat eskubide-urraketa salatuz ere.Politika-ekintzailetza, justizia-zentzua eta giza eskubideen defentsa dira ni definitzen nauten ezaugarriak, eta ezaugarri horiek markatu dituzte, kontzienteki edo inkontzienteki, nire helduaroan hartu ditudan ia erabaki guztiak.Hain zuzen ere, hemen, Bilbon, jaioterritik milaka kilometrora, nire lanarekin jarraitzen dut, eta ez dut asmorik gizarte justuago bat eraikitzearen alde borrokatzeari uzteko.

Print Friendly