Ugalketa-eskubideak

||

Kairoko Biztanleriari eta Garapenari buruzko Nazioarteko Konferentziaren arabera pertsona orok bere ugalketarekin zerikusia duten alderdi guztien gain modu aske eta arduratsuan erabakitzeko duen oinarrizko eskubidean oinarritzen dira ugalketa-eskubideak.

Eskubide horietan honako hauek ere biltzen dira: ugalketaren arloan informatuta eta aske erabakiak hartzea ahalbidetzen duten oinarrizko baldintzak lortzea eta erabaki horiek bete-betean gauzatzea. Gainera, agerian uzten dute Estatuek eta hainbat gizarte-agentek eskubide horiek ziurtatzeko duten erantzukizuna.

Print Friendly

Ugalketa-eskubideen xedea da giza garapenaren funtsezko alor horretan pertsona orori eskubide horien gutxieneko baliatze-, erabakitze-, errespetu- eta duintasun-maila bermatzea. Giza eskubide horien onespenak genero-ekitatearekin lotura estua dauka baita emakumeen ahalduntzearekin ere; izan ere, emakumeei historian zehar etengabe mugatu zaie horiek gauzatzea eta baliatzea. Ugalketari buruz askatasunez erabakitzeko eskubidea, erlijio- edo filosofia-sinesmenekin edo ohituran oinarritutako sinismenekin zerikusia duten interpretazio murriztaileak ez pairatzeko eskubidea, informaziorako eskubidea, ugalketa-osasunaren eta amatasunaren babeserako eskubidea eta abortu segururako eskubidea munduko herrialde gehienetan bermatu ahal izateko oraindik asko falta da eta gainera, herrialde batzuetan eskubide horiek atzeranzko prozesuan daude. Genero-arrazoiengatiko jazarpen mota asko eskubide horien urraketarekin lotuta daude. Giza sexualitatea (bere entitate propioa galduz) soilik ugalketarekin lotzea ekiditeko duela gutxi ugalketa-eskubideak eta sexu-eskubideak modu autonomoan adierazteko eta kontzeptualizatzeko prozesuan aurrera egin bada ere, bi multzoen arteko lotura estua da.

Bibliografia

  • CEAR-Euskadi (2009): Genero-arrazoiengatiko jazarpena eta asilo eskubidea: testuinguru globaletik tokiko konpromisora. Espainiako asilo-sistema, emakumeen eta lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen giza eskubideen urraketari dagokionez. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo.

  • Vázquez, N. eta Maoño, C. (2000): “Derechos sexuales y reproductivos”, Diccionario de Ayuda Humanitaria y Cooperación al Desarrollo izeneko hiztegian. Hegoa institutua, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea.