Ez-itzulketaren printzipioa

||

Nazioarteko Zuzenbideak debekatu egiten die Estatuei pertsona bat herrialde batera kanporatzea edo itzultzea, baldin eta herrialde horretan bere bizitza edo askatasuna mehatxupean badaude, edo torturak, tratu ankerrak edo iraingarriak pairatzeko edo oinarrizko giza eskubideak larri urratzeko arriskua badu.

Printzipio hori bere esamolde frantsesagatik ere ezaguna da, hau da, ‘non-refoulement’ (ez-itzulketa).

Itzulketaren aurkako debekua 1951ko Genevako Konbentzioaren 33.1 artikuluan jasotzen da asilo-eskubidearen nahitaezko berme gisa: “Ituna sinatzen duen ezein Estatuk ezin izango du errefuxiatu bat beste lurralde batekiko mugan jarri —ez kanporatzearen bidez, ezta itzulketaren bidez ere— baldin eta haren bizitza edo askatasuna arriskuan badaude arrazarekin, erlijioarekin, nazionalitatearekin loturiko arrazoiak direla medio, edo gizarte-talde edo iritzi politiko jakin batzuekin bat egiteagatik”.

Alabaina, ez-itzulketaren printzipioa torturaren eta tratu edo zigor krudel, anker edo iraingarrien ohiturazko debekuaren funtsezko osagaia ere bada. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren (GEEH) 3. artikuluan honako hau ezartzen da: “inori ere ezin zaio torturarik eta zigorrik edo tratu anker edo iraingarririk ezarri” eta Torturaren eta bestelako Tratu edo Zigor Krudel, Anker edo Iraingarrien aurkako Konbentzioan (3.1 art.) Estatu kideei debekatu egiten zaie pertsona bat beste Estatu batera kanporatzea, itzularaztea edo estraditatzea “baldin eta tortura jasateko arriskuan egon daitekeela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude”.

Ildo horretan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak honako irizpena eman du: Europako Hitzarmenaren 3 artikuluan jasotzen den tratu txarren aurkako debekua “erabatekoa da kanporatzearen kasuan ere” (Soering kasua).

UNHCRk giza eskubideak babesteko tresna hauetan eta beste tresna batzuetan oinarrituta honako hau adierazi du berriz ere: “pertsona bat herrialde batera kanporatzea edo itzularaztea baldin eta herrialde horretan tortura edo tratu edo zigor anker eta iraingarriak jasotzeko arriskua dagoela uste izateko funtsezko arrazoiak badaude horrelako ekintzen debekuan biltzen da. Aurretik adierazitakoa modu berean aplikatuko da pertsona bat herrialde batetik kanporatuta edo beste herrialde batera itzularazita hortik berriz ere hirugarren herrialde batera kanporatua edo itzularazia bada eta bertan aipatutako tratu horien jasotzeko benetako arriskua badu”.

Printzipio horrek debekatzen duen ekintzari dagokionez Goi Komisarioak adierazi du ez duela ‘soilik’ esan nahi Estatuek pertsonak torturak jasateko arriskuaren aurrean ez jartzea baizik eta babes-maila berarekin estradizioaren, kanporatzearen edo itzulketaren ondoren beste herrialde batera itzultzen direnean zigor edo tratu krudel, anker edo iraingarririk jasateko arriskuaren eraginpean ere ez jartzea. “Pertsona bat leku seguru batetik arriskuko leku batera eramateak pertsona hori arriskuan jartzea ondorio gisa duen edozein neurri printzipioaren eremuan biltzen da”.

Ez-itzulketaren lurralde-dimentsioren inguruan UNHCRk honako hau azpimarratu du: “gizabanako bat Estatu baten jurisdikzioaren eraginpean egongo da Estatu horren kontrol eraginkorraren mende dagoenean edo Estatu horren izenean jarduten dutenen eraginpean dagoenean, edonon dela ere. Beraz, ez-itzulketaren printzipioa dagokion ekintza Estatuaren jardueraren ondorio den egoera guztietan aplikatuko da alde batera utzita Estatuaren lurraldean edo beste leku batean gertatu den”.

Ildo horretan, itzulketaren debekua bereziki garrantzitsua da Estatu kontratatzaile baten izenean edo Estatu horren gobernu-jarduera gauzatzen beste Estatu batzuetako organoek, enpresa pribatuek –garraiolariek, iragaitzazko dokumentuak gainbegiratzearen agente arduradunek eta abarrek– edo beste pertsona batzuek jarduten dutenean.

Giza Eskubideen Batzordeak honako epaitza hau eman du: “zentzugabea izango litzateke Estatuen erantzukizunaren inguruko Itunaren 2. artikuluko (Ituna errespetatzeko eta bermatzeko konpromisoari dagokio, EZPNIn) terminoen interpretazioa izatea Estatuei baimentzen zaiela lurralde propioan ezin dituzten itunarekiko urraketak beste Estatu bateko lurraldean egitea”.

Print Friendly

Ez-itzulketaren printzipio horrek garrantzi handia hartzen du Europarako bidean (pasabideko herrialdeetan eta nazioarteko uretan), Estatu espainolaren mugetan eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan (ABZ) babesik gabeko migratzaileak eta errefuxiatuak bizitzen ari diren egoeraren aurrean.

Bibliografia

  • Europako Kontseilua (1950): Giza eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena, Erroman egina, 1950eko azaroaren 4an. Indarrean jartzea: 1953ko irailaren 3a.

  • Nazio Batuak (1984): Torturaren eta bestelako Tratu edo Zigor Krudel, Anker edo Iraingarrien aurkako Konbentzioa. Batzar Orokorraren 1984ko abenduaren 10eko 39/46 Ebazpena.

  • UNHCR (2001): “Opinión 97. Sir LAUTERPACHT, Elihu eta BETHLEHEM, Daniel. 2.1. El alcance y contenido del principio de no devolución y 2.2 Resumen de las conclusiones: el principio de no devolución, mesa redonda de expertos”, en Protección de los refugiados en el derecho internacional: Consultas globales de ACNUR sobre protección internacional. Cambridge.