Ekialde Hurbileko Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia (UNRWA)

||

Agentzia hau ingelesezko siglekin da ezaguna (UNRWA). Nazio Batuen Batzar Orokorrak sortu zuen 1949ko abenduaren 8ko 302. (IV) zenbakiko ebazpenaren bidez, palestinar errefuxiatuei premiazko laguntza emateko eta horiekin garapen-programak hasteko helburuarekin. Harrezkero, palestinarren erbesteratzearen arrazoi eta ondorioetarako irtenbiderik lortu ez denez gero, mandatua aldizka berritu da. Egungo datuen arabera, 4,8 milioi pertsona daude errefuxiatu gisa erregistratuta Ekialde Ertainean. Horietatik, 1,4 milioi onetsitako 58 esparruetan bizi dira.

UNRWAk biztanleriaren sektore jakin batekin dihardu. Erakundearen definizio operatiboaren arabera, 1946ko ekainetik 1948ko maiatzera bitarte Palestinan bizi ziren, 1948ko arabiar-israeldar gatazkaren ondorioz etxeak eta bizibideak galdu zituzten, Jordanian, Libanon, Sirian, Gazako Zerrendan eta garai hartan Mendebaldeko Erribera deitutakoan errefuxiatu ziren eta UNRWA erakundean inskribatuta dauden pertsonak dira errefuxiatuak. Errefuxiatuen seme-alabei ere laguntzen die.

UNRWAren eginkizuna ez datza nazioarteko babesa ematean (UNHCRren kasuan bezala), oinarrizko zerbitzuak ematean baizik. Gainera, Libanok, Siriak, Jordaniak, Zisjordaniak eta Gazako Zerrendak osatzen dute haren eremu geografikoa.

Palestinar bat ekintza-esparru horretatik irteten bada, UNHCRren mandatupean sartzen da, eta nazioarteko babesa eska dezake 1951ko Genevako Konbentzioaren esparruan.

Print Friendly

Bibliografia