Aberrigabeen Estatutuari buruzko Konbentzioa

||

1954an egin zen, Nazio Batuen esparruan, aberrigabeak izateaz gain errefuxiatuak ez ziren pertsona guztiak 1951ko Genevako Konbentziotik kanpo geratzen zirela, eta, beraz, nazioarteko babesik ez zutela ikusi ondoren.

Konbentzioak aberrigabe terminoa definitzen du, eta aberrigabeen estatutua legez onesteko baldintzak ezartzen ditu, arraza, erlijio edo jatorriari lotutako arrazoiengatik diskriminaziorik egin gabe. Aberrigabeen estatutua lortu duten pertsonak ezin izango dira harrerako herrialdetik kanporatu, betiere segurtasun nazionalari edo ordena publikoari lotutako arrazoirik ez badago. Konbentzioa ezin izango zaie aplikatu gerra-delituak, bakearen kontrako delituak, gizateriaren aurkako delituak edo izaera politikorik gabeko delitu larriak egin dituzten pertsonei.

Konbentzioa berretsi duten estatuek beren lege eta erregelamendu propioak garatu behar dituzte, eta Nazio Batuen Idazkaritza Nagusiari jakinarazi. Estatu espainola 1997an atxiki zitzaion Konbentzioari, eta Aberrigabeen Estatutua Onesteko Erregelamenduaren bitartez (865/2001 Errege Dekretua) aplikatu du.

Print Friendly

Bibliografia

  • 1954ko Aberrigabeen Estatutuari buruzko Konbentzioa

  • 865/2001 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, aberrigabeen estatutua onesteko erregelamendua onartzen duena.

  • UNHCR (2014): Estados parte de la Convención sobre el Estatuto de los Apátridas suscrita en Nueva York el 28 de septiembre de 1954. Nazio Batuen Itun Sortak, 360. liburukia, 117. or. 2014ko urtarrilaren 30era arte eguneratua