Atzerritarrei buruzko Legea

||

“Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei buruzko, eta Atzerritar horiek Gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren” edo Atzerritarrei buruzko Legearen bitartez atzerritarrek Estatu espainolean duten erregimen juridikoa eta horien gizarteratzea arautzen dira. Lege hori onartu zenean Europako lege aurrerakoienetako bat zela esaten zuten; hala ere, onartu zutenetik lau aldiz aldatu dute, honako lege hauen bitartez: abenduaren 22ko 8/2000 Lege Organikoa,

irailaren 29ko 11/2003 Lege Organikoa, azaroaren 20ko 14/2003 Lege Organikoa eta abenduaren 11ko 2/2009 Lege Organikoa.

Erreforma guztietatik zailena indarrean hasi eta gutxira gertatu zen, 8/2000 Lege Organikoaren bitartez; konstituziokontrakotasuneko bederatzi errekurtso aurkeztu ziren horren kontra eta, besteak beste, honako epai hauetan ebatzi ziren: azaroaren 7ko 236/2007 epaia eta abenduaren 19ko 259/2007 epaia. Epai horien bitartez, konstituzioaren kontrakotzat jo zuten estatuan legez bizi diren atzerritarrei biltzeko, sindikatzeko, elkarteetan kide izateko eta greba egiteko eskubideak mugatzea, eskubide horien funtsezko edukia errespetatu egin behar baita, giza duintasunarekin zuzenean loturik dagoelako.

Azken erreforma 2009. urtean egin zen, honako arrazoi hauengatik: Konstituzio Auzitegiaren

jurisprudentzia hori, gure antolamendu juridikoan Europako Zuzentarau ugari txertatu behar izatea, eta Espainiako migrazio-errealitate berriari aurre egin behar izatea. Hori horrela izanik, erreforma horretan lehen aldiz arautu ziren `integrazioa` eta `immigrazio-politika` kontzeptuak.

Gerora, artikuluetan aldaketak ere egin dira, honako hauen bitartez: uztailaren 27ko 10/2011 Lege Organikoa (uztailaren 28ko BOEa, 180. zk.), apirilaren 20ko 16/2012 Legegintzako Errege Dekretua (apirilaren 24ko BOEa, 98. zk.), Konstituzio Auzitegiaren urtarrilaren 31ko 17/2013 epaia (otsailaren 26ko BOEa, 49. zk.), eta ekainaren 28ko 4/2013 Lege Organikoa (ekainaren 29ko BOEa, 155. Zk.).

Print Friendly

Bibliografia

  • 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoa.

  • 557/2011 Errege Dekretua, apirilaren 20koa; Errege Dekretu honen bidez onartu egiten da 4/2000 Lege Organikoaren Araudia, Espainian dauden atzerritarrek dituzten eskubide eta askatasunei eta euren gizarteratzeari buruzkoa.