Giza eskubideen defendatzaileak aldi batez babesteko programak

||

Aldi batez babesteko programen xedea honako hau da: beren bizitza edo osotasun fisikoa mehatxatuta ikusten duten pertsonei (jatorriko herrialdeetan garatzen duten giza eskubideen defentsa- edo sustapen-lan dela-eta) denboraldi baterako harrera ematea.

Hori ezin da beti egin, gatazken eta jazarpenen arrisku-maila edo dinamikak direla-eta baina horrelako programek pertsona mehatxatu horien etengabeko arriskua eta desplazamendu behartua ekidin nahi dituzte.

Estatu espainolean gutxienez mota horretako hiru programa hauek daude:

  • ‘Kolonbiako Indarkeriaren Biktimei Artatzeko Asturiasko Programa’ (‘Programa Asturiano de Atención a Víctimas de la Violencia en Colombia’ PAV-DDHH)
  • 2001. urtetik Kolonbiako sindikalistak eta giza eskubideen defendatzaileak harreran hartzen ditu sei hilabetez. Gainera, 2005. urtetik aurrera urtero Ordezkaritza bat osatzen da herrialde horretako giza eskubideen egoera egiaztatzeko. Jasotako informazioa Txosten publiko batean biltzen da.

    Harreran dauden pertsonek Asturiasen dauden bitartean bakearen aldeko hiritarren diplomaziako jarduerak garatzen dituzte Asturiasko eta Europako erakundeetan baita salaketa-eta sentsibilizazio-zereginak eta jatorrizko gizarteko giza eskubideak sustatzeko zereginak ere.

    PAV-DDHH programan 17 gizarte-erakundek parte hartzen dute (sindikatuak, GKEak, elkartasun-batzordeak eta giza eskubideen aldeko elkarteak). Erakunde horietako batzuek NBEren eta AEEren (Amerikako Estatuen Erakundearen) giza eskubideen sistemaren onespena jaso dute. Erakunde horietako bost Kolonbian daude eta Hautatze Batzordea osatzen dute. Beste hamabi erakunde Asturiasen daude etaComisión de Organizaciones de Apoyo al PAV y a las personas acogidas” izeneko batzordea osatzen dute.

    PAV-DDHH programa Garapenerako Lankidetzaren Asturiasko Agentziaren mende dago, Soldepaz Pachakuti erakundeak administratzen du eta harreran dauden pertsonen jarraipena egiten du. 13 urtetan 90 pertsonei eman die harrera; horietako 25, emakumeak izan dira. Profilari dagokionez, 34 pertsona sindikalistak izan dira, 11 nekazarien buruzagiak eta 45 giza eskubideen defendatzaileak.

  • ‘Amnesty Internationalen Programa ’ Giza eskubideen defendatzaileak babestea da Amnesty Internationalen (AI) lanaren lehentasunetako bat. Giza eskubideen defentsan funtsezkoak diren pertsona horien errealitatearen aurrean, AIk funtsezkotzat jo zuen arrisku handian dauden Giza Eskubideen Defendatzaileak aldi batez Babesteko Programa bat sortzea. AIko Espainiako sekzioak 1998an jarri zuen Programa abian. Orduz geroztik 50 pertsonatik gora iritsi dira Estatu espainolera beren familiekin eta Sekzioko Tokiko Taldeek harrera eman diete, gehienez urtebetez. Egonaldiaren gastuak erakundeak hartzen ditu bere gain.
  • Helburuak honako hauek dira: 1) Pertsona horiek beren oinarrizko eskubideak urratzeko eta horien aurkako abusuak egiteko daukaten berehalako arriskutik aldi batez babestea; 2) Giza eskubideen alde egiten duten lana helburu horri lotutako jardueren bidez sustatzea, betiere testuinguru seguruan; 3) Jadanik jasandako larderietatik eta giza eskubideen urraketetatik beren onera etortzeko aukera eskaintzea; 4) Giza eskubideen defendatzaileek munduko beste leku batzuetan bizitzen dituzten egoeren inguruan gizartea kontzientziatzea, kanpotik datozen pertsonen eta harreran hartzen dituen herrialdeko komunitatearen artean esperientziak eta prestakuntza elkartrukatuz.

  • ‘Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programa’
  • 2011. urtetik giza eskubideen defentsan lan egiten duten komunitateei, erakundeei edo gizarte-mugimenduei lotutako pertsonei harrera ematen die sei hilabetez. Pertsona horiek Euskadin dauden bitartean egiten den lanaren helburua honako hau da: pertsona horiekiko eta beren erakundeekiko nazioarteko laguntza-sareak (instituzionalak eta politikoak) zabaltzea eta indartzea prestakuntza-ekintzen eta eragin politikoa duten ekintzen bidez. Sare horiek praktikan jatorriko giza eskubideen defentsan lana egiten jarraitzea ahalbidetzen duten babes-mekanismo gisa jarduten dute. Era berean, lan horrek honako hau ahalbidetzen du: giza eskubideen defentsan lan egiten duten erakundeek pairatzen duten mehatxu-egoeraren inguruan sentsibilizatzea, egoera hori ikusaraztea (baita dagokigun gaiari buruzko aldarrikapenak ere) eta herritarren eta Euskadiko, Espainiako eta Europako erakundeen aurrean egoera salatzea.

    Denboraldi horretan 5 pertsona hartu izan dira harreran: 3 buruzagi indigena (2 gizon eta emakume 1), ikasleen buruzagi 1 eta komunitateei laguntzearekin zerikusia zuen defendatzaile 1. Programa Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren mende dago eta CEAR-Euskadik koordinatzen du Kolektiba Colombia izeneko sarearen esparruan. Programan honako hauek ere parte hartzen dute Hautatze Batzordearen bidez: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Kanpo Ekintzako Zuzendaritzak, Hegoa Institutuak (Euskal Herriko Unibertsitatea / Universidad del País Vasco), Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak (Deustuko Unibertsitatea / Universidad de Deusto), Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta Giza Eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntzaren arloko Elkarteen Foroak. Gainera, ANSUR kolektiboaren laguntza ere badu segurtasunaren eta babesaren arloak kudeatzeko.

    Urtero, harreran hartutako pertsonak itzultzen direnean, inplikatutako agente desberdinetako kideez osatutako Ordezkaritza bat harreran hartutako pertsonen jatorrizko lurraldeetara joaten da pertsona horien eta beren erakundeen egoeraren jarraipena egiteko. Hori guztia txosten batean jasotzen da eta Kolonbiako, Euskadiko eta Estatu espainoleko erakunde publikoetara bidaltzen da.

    Print Friendly