Dublingo Hitzarmena

||

Sistema horrek asilo-eskatzaileak beren eskaera sartzen diren Batasuneko lehen herrialdean eskatzera behartzen ditu, nahiz eta hizkuntza ez jakin eta kultura-kidetasunik ez izan. Azken urteetan Erregelamenduaren aplikazioz lekualdatu diren asilo-eskatzaileen eskubideen urratzeak hain larriak izan dira, UNHCR eta ECRE erakundeek gobernuei neurriak har ditzaten eskatu dietela. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) 2011ko urtarrilaren 21eko M.S.S. vs Belgium and Greece epaiak (30696/09 Demanda), Belgika eta Grezia kondenatzen ditu Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren (GEEH) 3. artikulua (torturaren debekua) eta 13. artikulua (errekurtso eraginkorrerako eskubidea) urratzen dituztelako “Dublin II” Erregelamenduaren aplikazioan. Demandatzailea, jatorriz Afganistanekoa, Greziatik sartu zen Europar Batasunean 2008. urtean, eta ondoren asilo-eskaera aurkeztu zuen Belgikan. Eskaera ez zuten aztertu eta M.S.S. Greziara lekualdatu zuten, “Dublin II” Erregelamenduari jarraiki. Epaiak adierazten du Greziak, gertakari horiek gertatu ziren unean, ez zeukala sistema eraginkor bat asilo-eskaerak izapidetzeko, eta Greziako prozedurak egitura-akats larriak zituela, eta horregatik bere eskaeraren izapidetze eraginkor bat izateko aukera ukatu zitzaion M.S.S.-ri. Gainera, Grezian giza-eskubideen urratzeari lotutako gaiei buruzko erreklamazioak jartzeko mekanismo eraginkor bat ez izateak GEEHren 13. artikulua urratzea dakar. Era berean, M.S.S. egoera iraingarrian giltzapetu zutenez, aipatu hitzarmenaren 3. artikulua urratu zuen Greziak. Belgikari dagokionez, Auzitegiak adierazten du M.S.S. kanporatu zuten unean “Belgikako agintariek bazekitela edo jakin behar zutela ez zuela bermerik bere asilo-eskaera serio aztertuko zenik”. Gainera, Auzitegiaren ustez, M.S.S.-k Afganistanera itzultzen bazuten tortura edo tratu txarrak jasateko eta hiltzeko ere benetako arriskua zuela argudiatu zezakeenez, Belgikatik Greziara lekualdatu zutenean ez-itzulketaren printzipioa eta, beraz, GEEHren 3. artikulua urratu zuela.

Bibliografia

  • EBren webgunea:http://www.europa.eu

  • CEAR (2012): La situación de las personas refugiadas en España. Informe 2012. Espainiako Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea. Los libros de la catarata, Madril.