Giza Eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesteko Europako hitzarmena (GEEH)

||

Erroman egin zen hitzarmen hau, 1950eko azaroaren 4an, eta bertan jasotzen dira Europako Estatuek hartutako lehen neurriak 1948an egindako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako zenbait eskubideren berme kolektiboa ziurtatzeko. Hitzarmen horren bidez sortu ziren Giza Eskubideen Europako Batzordea eta Giza Eskubideen Europako Auzitegia. Gerora egindako zenbait protokolok aldatu egin dituzte hitzarmen horren zenbait artikulu.

Hitzarmen horren jatorrizko testuan heriotza-zigorra onartzen zen. 2. artikuluak– bizitzeko eskubideari buruzkoak– honako paragrafo hau jasotzen zuen:ezingo zaio inori nahita bizitzarik kendu, kasu honetan izan ezik: legeak heriotza-zigorrez zigortzen duen delitu baten errudunarentzat auzitegi batek erabakitako heriotza-zigorra betearazteko;. 1983an, 6. protokoloak heriotza-zigorra indargabetu zuen.

Honako hau dio: “inori ere ezin zaio torturarik eta zigorrik edo tratu anker edo iraingarririk ezarri” (3. artikulua) eta pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunaren alde egiten du (9. artikulua), hau da, erlijioz edo sinestez aldatzeko askatasuna barne hartzen du baita “norberaren erlijioa edo sinesteak adierazteko askatasuna ere, bakarka, taldean, publikoan edo pribatuan eta kultuaren, irakaskuntzaren eta errituen praktiken eta behaketen bidez”.

14. artikuluan, debekatu egiten ditu xedapenetan jasotzen diren eskubide eta askatasunen aplikazioarekiko diskriminazio-jokabideak, batik bat sexuan, arrazan, kolorean, hizkuntzan, erlijioan, iritzi politikoetan edo bestelakoetan, nazio- edo gizarte-jatorrian, gutxiengo nazional bateko kidetzan, ondarean, jaiotzan edo bestelako egoeratan oinarritutakoak. Instantzia nazional batean errekurtso eraginkorra aurkezteko eskubidea ere biltzen du (…) , “baita eskubide eta askatasun horiek beren eginkizun ofizialetan betetzen ari diren pertsonek urratzen dizkiotenean ere”.

Gainera 11. artikuluak diopertsona orok duela modu baketsuan eta askatasunez biltzeko eta elkartzeko eskubidea; eta 4. Protokoloak debekatu egiten du atzerritarrak taldeka kanporatzea.

Print Friendly

Bibliografia

  • Europar Batasuna (1950): Giza eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena, Erroman egina, 1950eko azaroaren 4an. Indarrean jartzea: 1953ko irailaren 3an.

  • Europar Batasuna (1952): Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenari eransten zaion Protokolo gehigarria. Paris, 1952ko martxoaren 20a.

  • Europar Batasuna (1963): Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenari erantsitako 4. protokoloa, Hitzarmenean eta hitzarmenari erantsitako lehen protokoloan jasotzen ziren eskubide eta askatasunei beste batzuk gehitzen dizkiena. Estrasburgo, 1963ko irailaren 16a.

  • Europar Batasuna (1983): Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenari erantsitako 6. protokoloa, heriotza-zigorra ezabatzekoari buruzkoa. Estrasburgo, 1983ko apirilaren 28a.

  • Europar Batasuna (1984): Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenari eransten zaion 7. protokoloa. Estrasburgo, 1984ko azaroaren 22a.