Schengengo akordioa

||

Schengengo Akordioa 1985ean sinatu zen, sinatu zuten alderdien muga komunak pixkanaka ezabatzeko eta sinatu zuten Estatuetako (Alemania, Frantzia, Belgika, Luxenbourg eta Herbehereak) eta garai hartako Europako Ekonomia Erkidegoko (EEE) edo gero inkorporatuko ziren hirugarren herrialdeetako pertsona nazionalentzat joan-etorri askeko erregimen bat ezartzeko helburuarekin. Ondorengo urteetan beste Estatu batzuk sartu ziren akordioan. Italiak 1990ean sinatu zuen, Espainia eta Portugalek 1991n, Greziak 1992an, Austriak 1995ean, Finlandia, Suedia eta Danimarkak 1996an –azken horrek xedapen bereziekin–, eta Txekiar Errepublikak, Estoniak, Letoniak, Lituaniak, Hungariak, Maltak, Poloniak, Esloveniak eta Eslovakiak 2007an. 1995ean Schengengo Hitzarmena indarrean jarri zen, eta Akordioaren baldintzak eta aplikazio-bermeak definitzen ditu. Ordutik aurrera kontrolak ezabatu ziren sinatu zuten Estatuen arteko barne-mugetan, eta kanpo-muga bakar bat sortu zen, non Schengengo esparruan sartzeko kontrolak egiten diren, prozedura berberak erabiliz. Hainbat arau komun hartu ziren bisatuen eta asilo-eskubideen alorrean, eta garraio-enpresek “immigrazio klandestinoaren aurkako borrokan” duten zeregina definitzen da, sinatu duten herrialdeetan pertsonen joan-etorri askea baimentzeko “ordena publikoa aztoratu gabe”. Horrez gain, neurri “konpentsatorioak” deritzonak sortu ziren, poliziaren eta agintari judizialen artean lankidetza eta koordinazioa hobetzeko, eta Estatu kideen barnean askatasuna eta segurtasuna uztartzeko xedez; bereziki, delitugintza antolatuaren aurkako borrokan. Schengengo Informazio Sistema (SIS) ere sortu zen. Irlandak eta Erresuma Batuak ez dute osorik parte hartzen, izan ere, beste hainbat salbuespenen artean, kontrolak mantentzen baitituzte beren mugetan. Bulgaria, Zipre eta Errumaniaren kasuan, beren mugetan kontrolak ezabatu ahal izateko beharrezkoa izaten jarraitzen du Europar Batasunaren Kontseiluak erabaki hori hartzea. 1999. urteaz geroztik, hau da, Amsterdamgo Ituna indarrean jarri zenetik, Schengengo Akordioa Europar Batasunaren esparru instituzional eta juridikoan bilduta dago, hari erantsitako protokolo batean.

Print Friendly

Bibliografia