Ohorerako eskubidea

||

Eskubide honek dagokion pertsonak bere eremu pertsonalean edo sozialean duen balioespena babesten du.

Estatu espainolean Konstituzioaren 18.1 artikuluan jasota dago.

Etorkinen inguruan (asilo-eskatzaileak, errefuxiatuak edo aberrigabeak) informazioak, gezurrak, zurrumurruak, datu faltsuak eta irainak sortzeak eta hedatzeak pertsonaren ohorerako eta duintasunerako eskubidea urratzera daramate. Atzerritarren inguruko iritzi-joera publiko laidogarriak edo difamatzaileak hedatzeari legezko ekintzen bidez erantzun dakioke. Izan ere, iritzi-joera horiek publikoki hedatzen diren kasuan Konstituzio Epaitegiaren jarrera argia da sortzen den eskubideen arteko talkan: askatasunerako eskubidearen eta duintasunerako eskubidearen (biak oinarrizkoak eta konstituzionalak) arteko talka hain zuzen ere. Horrela, Konstituzio Epaitegiaren 214/1991 Epaian (Zortzigarren Oinarri Juridikoa) honako hau adierazten zen: “askatasun ideologikoan (E K 16. art.) eta adierazpen-askatasunean (E K 20.1 art.) ez da biltzen izaera arrazista edo xenofoboa duten adierazpenak, espresioak edo kanpainak zabaltzeko eskubidea; izan ere, 20.4 artikuluaren arabera ez baitago mugarik gabeko eskubiderik eta jarrera horiek zuzenean eraginpean hartutako pertsona edo pertsonen ohorerako eskubidearen aurkakoak izateaz gain giza duintasunaren moduko ondasun konstituzionalaren aurkakoa ere badira. (E K 10.art.). Duintasuna pertsonaren berezko maila edo kategoria da; izan ere, duintasunetik sortzen da eta duintasunean proiektatzen da ohorerako eskubidea (E K 18.1 art.) eta ez du inongo diskriminaziorik onartzen jaiotza-lekua, arraza, sexua, iritziak edo sinesmenak direla-eta. Herri edo etnia batekiko gorrotoa eta mespretxua giza duintasunarekiko errespetuarekin bateraezinak dira, errespetu hori gizaki, etnia eta herri oro biltzen badu soilik gauzatzen baita.

Era berean, Epaian honako hau adierazten zen:askatasun ideologikoaren edo adierazpen-askatasunaren gauzatzean ezin dira zenbait talde (etniko, erlijioso edo sozial edo atzerritarren edo etorkinen taldeak) mespretxatzera edo haien aurkako arerio-sentimenduak sortzera zuzendutako adierazpenak onartu; izan ere, Estatu espainolean, hain zuzen ere Zuzenbideko Estatu sozial eta demokratiko batean, kolektibitate horietako kideek gizarte-komunitateko gainerako kideekin bizikidetza baketsua izateko eta errespetatuak izateko eskubidea dute;.

Print Friendly

Bibliografia

  • Konstituzio Auzitegiaren azaroaren 11ko 214/1991 Epaia

  • Espainiako Konstituzioa. Testu Bateratua. Azken aldaketa: 2011ko irailaren 27a