Ingurumen-zuzenbidea

||

Ingurumenean zuzenean edo zeharka aldaketak eragin ditzaketen giza jokabideak arautzen dituen arau juridikoen multzoa da eta ingurumenaren oreka aldatzen duten nahasmenduak aurreikustea eta konpontzea du xedetzat.

Ingurumen-zuzenbide gisa ulertzen da ez soilik arauak eta arau horiek aztertzea eta interpretatzea baita bestelako ingurumen-zientzia ez juridikoetako (biologia, geologia eta abar) jakintza-multzoa ere.

Egungo ingurumen-krisiak Zuzenbidearen hainbat adar elkartzen dituen arauketa lotesle baten premia justifikatzen du eta hain zuzen ere XX. mendearen bigarren erdian sortu zen Ingurumen-zuzenbide izenarekin. Etapa desberdinak izan dira eta etapa horietan ikuspegi antropozentrikoa –gizakien ongizatea bermatzeko azken xedea zuena– nagusitzetik gaur egungo ikuspegirako bilakaera eman da, hau da, biozentrismorako joera duena eta Ekuador eta Boliviako konstituzio-sistemak adierazgarri nagusitzat dituena, natura eskubide-subjektu gisa ulertuz.

Ingurumen-zuzenbideak honako ezaugarri hauek biltzen ditu: osagai teknozientifiko handia duen diziplina-aniztasuna, prebentzio-izaera, bokazio unibertsala eta gainerako antolamendu juridikoarekiko zeharkakotasuna. Besteak beste, honako hauek hartzen ditu aintzat: zuhurtziazko eta prebentzioko printzipioak, ingurumen-erantzukizunaren eta informaziorako sarbidearen printzipioak eta partaidetza- eta lankidetza-printzipioak, eta nazioarteko mailan, erantzukizun komunen baina bereizien printzipioa.

Print Friendly

Eragin dugun ingurumenaren krisi-egoeraren adibideak dira honako guzti hauek: desertifikazioa, uren, airearen eta lurzoruaren kutsadura, istripu industrialak eta nuklearrak, gehiegizko arrantza, nekazaritza eta abeltzaintza estentsiboak, baliabide berriztagarrien eta berriztaezinen (petrolioa) neurrigabeko erauzketa eta kontsumoa, azpiegitura handiak eraikitzea, deforestazioa, eskala handiko meatzaritza, transgenikoak, ‘frackinga’ (apurketa hidraulikoa), espezieen iraungipena, biodibertsitatea galtzea, ozeanoen azidifikazioa, hondakinak masiboki sortzea eta abar. Munduko leku askotan ingurumen-krisiak eraginda (zuzenean nahiz zeharka) pertsonak desplazatzera behartuta daude, hain zuzen ere baliabide mugatuen kontsumo mugagabean oinarritutako sistema kapitalista suntsitzailearen ondorioz.

Bibliografia

  • Aguilar, G.; eta Iza, A. (2005): Manual de Derecho Ambiental en Centroamérica. Argitaratzailea: UICN, San José.

  • Brañes, R. (2010): Manual de Derecho Mexicano, bigarren edizioa, Fondo de Cultura Económica, Mexiko.

  • Gutiérrez, R. (1999): Introducción al estudio del derecho ambiental. 2. edizioa Argitaratzailea: Porrúa , Mexiko.

  • Lozano, B. (2010): Derecho Ambiental Administrativo. Argitaratzailea: La Ley , Madril.

  • Martín, R. (1991): Tratado de Derecho Ambiental. Argitaratzailea: Trivium, Madril.