Hegoaldeko muga

||

Azken hamarkadan, telebista-kateek jendez gainezka dauden kaiukoen irudiak erakutsi dizkigute, baita hesiari egindako ‘eraso masiboak’ ere. Santiago Alba Rico jaunak dioenez, irudi horiek “sentimentalismo handienarekin eta axolagabekeria handienarekin” botatzen dituzte eta, gainera, irudi horiekin batera politikarien hitzak entzuten ditugu, hegoaldeko mugan ‘migrazio-presioa’ gutxituko duten neurriak hartu behar direla esaten dutela; zenbaitetan, ‘inbasioa’ hitza erabiltzera ere iristen dira. 2013ko urrian, Jorge Fernández Díez barne-ministroak hortzak erantsi zizkien berriro Melillako hesiei. ‘Kontzertina’ horiekin atzerapausoa egin da migrazioaren kontrol-politiketan. 2005. urtean, José Luis Rodríguez Zapateroren gobernuak hortzak jarri zituen Ceutako eta Melillako mugetan jasaten ari zen ‘migrazio-presioari’ aurre egiteko. Espainiako eta nazioarteko GKEek askotan salatu izan dute etorkinei ebaki sakonak eragiten dizkietela eta, horri esker, 2007an kendu egin zituzten. 2014ko otsailaren 6an, ordea, El Tarajal-eko hondartzan hamabost lagun zendu ziren Ceutako kostaldera igerian iritsi nahian. Guardia Zibileko agenteek istiluen aurkako materiala jaurti zieten uretan zeuden lagunei eta horren ondorioz sortu zen tragedia. Egunak joan, egunak etorri, Jorge Fernández Díez barne-ministroa, Arsenio Fernández de Mesa Guardia Zibilaren zuzendaria eta Francisco Antonio González Gobernuaren Ceutako ordezkaria gezurretan aritu ziren eta ukatu egin zuten gomazko pilotak itsasora jaurti zituztela. Baina lekukoek grabatutako irudiei esker, eta tragediatik bizirik atera ziren lagunen adierazpenei esker, egiaz zer gertatu zen jakin ahal izan dugu. ¿Qué hacemos con las fronteras? liburuaren egileen argudioei jarraiki, “mugatik erakusten dena –eta erakusten ez dena- ez da kasualitatea, ezta hautazkoa ere”. “Hegoaldetik datorren arrisku potentzial bat sortu dute modu sinbolikoan, eta horri esker, Espainian Afrikarekin loturiko politika legitimatzeko bitarteko ahaltsua lortu dute. Eta horren zati bat migrazio-politika da”. Beste zati bat inbertsio-politika da, ezkutuko immigrazioari aurka egiteko aitzakiarekin. Afrika Plana da horren adierazgarri garrantzitsuenetako bat. Hegoaldeko mugaren esternalizazioa eta militarizazioa dela-eta, errefuxiatuek eta etorkinek ezin dute Estatu espainolera, Europara iritsi. Milaka lagun hil edo desagertzen dira. Errefuxiatuen ibilbide oso-osoak berreraikitzea desagertuen historia berreskuratzea ere bada, jatorrian eta bidean.

Bibliografia

  • HAINBAT EGILE. (2013): ¿Qué hacemos para conectar la crítica a la movilidad en el capitalismo con la lucha contra las políticas migratorias y las fronteras? AKAL, Madril.

  • Herriaren defendatzailea (2013): Informe anual a las Cortes Generales