Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna

||

Alabaina, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean (EZPNI) jasotzen diren eskubideak berehala bete beharrekoak dira. Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean (EESKNI) jasotzen diren eskubideen kasuan, horietako asko arian-arian aplikatu behar direla ezartzen da. Bereizketa horrek historikoki eskubide zibil eta politikoekiko ‘bigarren mailako eskubide’ gisa hartu izanari erantzuten dio. 1985ean Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturaren Batzordea sortu zen; organo hori aditu independenteen talde batek osatzen du eta EESKNI zuzenean aplikatzeko eta judizializatzeko gomendioa egiten die Estatuei. Estatuek aldian aldiko txostenak aurkezten dizkiote Batzordeari eskubide horien gauzatze-mailaren berri emanez.Europar Batasunaren esparruan ere izan dira aurrerapenak eskubide sozialei dagokienez, esaterako Europako Gutun Soziala (1996an berrikusia) eta Gizarte Eskubideen Europako Batzordea; Batzorde hori da Gutuna interpretatzen duena txostenak emanez eta gai horretan jurisprudentzia sortu duen erreklamazio kolektiboen mekanismo baten bidez. 2008an Eskubide Ekonomiko Sozial eta Kulturalak babesteko beste urrats garrantzitsua egin zen, hau da, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak Hautazko Protokolo bat onartu zuen; Protokolo horri esker biktimek salaketa jartzeaz gain erreparazio bat ere lor dezakete. 2013. urtera arte Protokoloak ez zuen izan gauzatu ahal izateko behar zen 10 Estaturen berrespena. Urte horretako otsailaren 5ean Uruguaik bat egin zuen Argentinarekin, Boliviarekin, Bosnia eta Herzegovinarekin, Ekuadorrekin, El Salvadorrekin, Eslovakiarekin, Espainiarekin, Mongoliarekin eta Portugalekin EESKNI berresteko eta horrela bete zen Ituna indarrean jar zedin bete beharreko baldintza, hau da, Itun hori sinatu zuten 42 herrialdeetatik 10 herrialdek berrestea. Eskubide Ekonomiko Sozial eta Kulturalen (EESK) babesa herrialdeen barne-legediaren garapenaren menpe geratzen da. Kalteberatasun hori gainditzeko giza eskubide guztien interpretazio zabal eta ausart bat egin beharko litzateke, giza eskubide unibertsal, zatiezin eta elkarren mendeko gisa hartuz. Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak (GEKI) jadanik egin ditu urratsak ildo horretan, hain zuzen ere eskubide ekonomiko eta sozialen kalteberatasuna pertsonen bizitza eta duintasunarekin lotuz. Aurrerapenak izan badira ere, globalizazio kapitalista neoliberalaren esparruan sortutako dinamikak kontrako bidean sakontzen ari dira; izan ere, gero eta gutxiago dira beren aberastasunen eta baliabide naturalen jabetza askea duten herrialdeak.

Bibliografia

  • Nazio Batuak (1966): Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna. Batzar Orokorraren 1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) Ebazpena.