Aldi baterako babesa desplazatuen multzo handiak etortzen diren kasuetan

||

Gatazka armatuen edo etengabeko indarkeriaren ondorioz, jatorriko herrialdetik edo ohiko bizilekutik desplazatu eta alde egin behar izan dutenei, edo ebakuatuak izan direnei, edo giza eskubideen urraketa sistematikoaren edo orokortuaren eraginpean egoteko arrisku larrian egon direnei edo daudenei Estatu batek epe jakin batez ematen dien babesa.

Estatu espainolean, babes hori 1325/2003 Errege Dekretuan biltzen den berariazko erregelamendu baten bitartez araututa dago. 1. artikuluaren arabera, “erregelamendu honen xedea honako hau da: aldi baterako babesaren erregimena arautzea, Europar Batasuneko kide ez diren hirugarren herrialdeetatik desplazatuen multzo handiak etortzen diren kasuetan, euren herrialdera itzuli ezin badute segurtasun-baldintzetan eta baldintza iraunkorretan, eta ezustean Errefuxiatuen Estatutuari buruzko 1951ko uztailaren 28ko Genevako Konbentzioaren 1.A artikuluaren edo nazioarteko babesa lortzeko nazioarteko edo nazioko beste tresna batzuen aplikazio-eremuan sar badaitezke”.

Babes hori gehienez hiru urtekoa izango da eta esparru horren eraginpean sartzen diren pertsonek Estatu espainolean honako eskubide hauek izango dituzte, besteak beste: a) joan-etorrirako eta bizilekurako askatasuna; b) euren eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa ulertzen duten hizkuntza batean; c) bizileku-baimena; d) bidaia-titulua; e) lan egiteko baimena; f) gizarte- eta osasun-zerbitzuak; g) familia elkartzea; h) asilo-babesa eskatzea.

Print Friendly

Bibliografia

  • 1325/2003 Errege Dekretua, urriaren 24koa, desplazatuen multzo handiak etortzen diren kasuetarako aldi baterako babesaren erregimenari buruzko Erregelamendua onartzen duena.