Aniztasun sexuala

||

Gure desira eta afektibitateei dagokienez kokatzeko dugun aukera-aniztasunarekin lotuta dago. Identitatearen eta desiraren arteko dikotomia antagoniko gisa (emakumeekin identifikatzen naiz eta gizonak desiratzen ditut, eta alderantziz) zalantzan jartzeak ahalbidetzen du lehentasun sexuala ‘aurkako sexuarekiko’ desira eta afektua sentitzeko berezko joera gisa dekonstruitzea ere.

Lehentasun sexualak (heterosexualitatea, bisexualitatea, homosexualitatea…) gizartean dituen forma ugarietan genero-identitatearen (emakumeak, gizonak, transexualak, transgeneroa, intersexualak…) elementu gisa jarduten du.

Historian zehar generoarekin gertatu den bezala, gaur egun ere oraindik irauten du sexualitatearen pertzepzio esentzialistak. Ezkontza, ugalketa eta maitasuna izan dira sexuaren justifikazio historikoak, eta gaur egun ere jarraitzen dute bidezkoa denari buruzko gure pertzepzioak baldintzatzen.

Print Friendly

Identitate minorizatuek beti eskatzen dute presentzia kolektibo indartsua izatea. Pertsona guztiok identitatea dugun arren, beren harreman afektiboak eta sexualitatea normatibitatea ‘alde batera utzita’ bizi dituztenek gizartearen gehiengoaren aurrean beren buruak onartzeko, berresteko eta beren eskubideak aldarrikatzeko identitate kolektibo bat behar dute. Identitateak trukerako tresnak dira, pertsonalak nahiz kolektiboak, sistemaren partaide egiten gaituzte eta sisteman eragina izatea ahalbidetzen digute. Baina mendekotasuna ere badakarte; izan ere, heteronormatibitatea onartzen ez dutenak behartuta daude beren praktika afektibo/sexualak oinarritzat hartuta, ezaugarri komunak dituen kolektibo bateko kide gisa definitzera, ezagutu daitezkeen identitate kolektiboak osatzeko. Sexu-hierarkiek pertsonen bizitza baldintzatu dute, eta botere-harremanak sortu dituzte helduen arteko praktika sexual jakin batzuk oraindik ere zigortuta eta jazarrita dauden testuinguruetan ez ezik, mendebaldeko demokrazietan ere. Gayle Rubin-ek honela laburbiltzen du: “hierarkia honen goi-goian azaltzen den jokabidea duten gizabanakoek osasun mentalaren onespenarekin, errespetagarritasunarekin, legezkotasunarekin, mugikortasun fisiko eta sozialarekin, erakundeen laguntzarekin eta onura materialekin ikusten dute beren burua sarituta”. Beherago dauden gizabanakoek diskriminazioak pairatzen dituzte, esate baterako gizartearen mespretxua edo iraina eta giza eskubideen urraketa larrienak, eta horien adibide batzuk sodomiagatiko erailketa, kartzela edo heriotza-zigorra dira. Sexualitatea, berezko entitatearekin, giza eskubideen esparruan aldarrikatzeak dakar sexualitatea ugalketa-dimentsiotik behin betiko askatzea eta sexualitate perfektu bakarraren ideia zalantzan jartzea askotariko etika sexualaren ikuspegitik begiratuta. “Moralitate demokratikoak maitasun-harremanean parte hartzen dutenek elkar tratatzeko modua, elkarrekiko begirune-maila, hertsadura ote dagoen edo ez, eta ematen dituen plazerren kalitatea kontuan hartuta epaitu beharko lituzke sexu-harremanak. Sexu-harremanak heteroak edo homoak, biluzik edo jantzita, bikotean edo hirukotean edo abar izateak ez luke kezka etikoaren xede izan behar” (Rubin, G. 1989).

Bibliografia

  • HAINBAT EGILE (2010): Yogyakartaren printzipioak. Sexu orientazioari eta genero identitateari buruzko giza eskubideen nazioarteko legeak ezartzeko printzipioak. Argitaratzailea: ALDARTE, Bilbo

  • Coll-Planas, G. (2010): La voluntad y el deseo. La construcción social del género y la sexualidad: el caso de lesbianas, gays y trans. Egales argitaletxea, Madril.

  • NAHIA (2013): Los deseos olvidados: Genero eta sexu aniztasun ikuspegia Garapenerako Kooperazioan, Hiritartasun Globalerako Hezkuntzan eta etorkinek eta errefuxiatuek dituzten GGEEen sustapenean eta babesean, Bilbo

  • Morales, A. I. (2007): ‘Generoa’, Garapenerako Hezkuntzaren Hiztegian. Celorio, G. eta López de Munain, A. (koord.) Hegoa argitaletxea, Bilbo.

  • Rubin, G. (1989): ‘Reflexionando sobre el sexo: notas para una teoría radical de la sexualidad’ in Placer y peligro: explorando la sexualidad femenina. S. Vance, C. (konpliatzailea). S.Vance, C. (konpliatzailea). Argitaratzailea: Hablan las mujeres.

  • Weeks, J. (1996): Valores en una era de incertidumbre Construyendo identidades: estudios desde el corazón de una pandemia liburuan. Llamas, R. (konp.) S.XXI argitaletxea, Madril.