FRONTEX

||

Operazio horiek, askotan, modu ‘klandestinoan’ egiten dira. Hegaldiei buruzko informazioa oso opakua da eta, oro har, ezin da jakin zer gertatzen den pertsona horiekin hegazkinera igotzen direnean. Kanporatutako pertsonengandik jasotako informazioari esker, jakin badakigu askok umiliazioak, ahozko erasoak, kolpeak eta jipoiak jasaten dituztela. Kateak eta eskuburdinak erabiltzen dituzte zangoak eta eskuak lotzeko, eta hainbat kasutan ahoko mozalak eta espraiak erabili izan dira pertsonek ez dezaten garrasirik egin. Kanpoko mugak sendotzeko eta blindatzeko obsesioari jarraiki, Europar Batasunak gero eta metodo gogorragoak eta gero eta teknologia garestiagoak erabiltzen ditu. 5 urtetan FRONTEXek bere aurrekontua 15ekin biderkatu du. “Immigrazio klandestinoaren aurkako borroka” irabazi handiak ematen dituen negozio bilakatu da arma- eta segurtasun-enpresentzat, eta errefuxiatuen eta etorkinen giza eskubideen errespetua urratzen du etengabe. Estatu espainoletik egindako deportazioak ohiko praktika izan dira gobernu guztietan. Barne Ministerioak, immigrazio irregularraren aurkako ‘borrokari’ buruzko balantzean, adierazten du urtero 11.367 deportazio egin direla 2008. eta 2012. urteen artean. Hiztegi hau idazten ari garen hilabeteetan, Estatu espainoletik deportazio-hegaldiak egin dira Senegalera, Nigeriara, Ekuadorrera eta Kolonbiara. Hegaldiak betetzeko, pertsona horiek indarrez eramaten dituzte Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetatik (ABZ) Barajasera, espetxeetara edo komisarietako kalabozoetara, eta aurreko egunetan sarekadak areagotzen dira kanporatuko dituzten pertsonen nazionalitatea duten pertsonen bila. Jatorrizko herrialdeetako gobernuek ontzat ematen dituzte hegaldiak, eta ‘deportatu daitezkeen’ pertsonen dokumentazioa osatzen dute. Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak Ixtearen aldeko Kanpainak salatu duenez, Barne Ministerioak zerbitzu hori esleitu zien Air Europa eta Swiftair konpainiei, 11.880.000 euroko zenbatekoarekin eta bi urterako. Zerbitzuaren kontratazioa BOEn argitaratu zen 2013ko martxoan.

Bibliografia

  • Rodier, C. (2011): Represión de la inmigración en la Unión Europea. Frontex y sus silencios. In Viento Sur, 2011ko irailaren 29a.

  • Hainbat egile (2013): ¿Qué hacemos para conectar la crítica a la movilidad en el capitalismo con la lucha contra las políticas migratorias y las fronteras? AKAL, Madril.

  • Kontseiluaren 2007/2004 zk. Erregelamendua (EB), 2004ko urriaren 26koa, Europar Batasuneko Estatu kideen kanpoko mugetan lankidetza operatiboa kudeatzeko Europako Agentzia sortzen duena.

  • EBren webgunea:http://www.europa.eu

  • Eur-lex webgunea: http://eur-lex.europa.eu/