Heteronormatibitatea

||

Patriarkatuak ezarritako erregimen sozial, politiko eta ekonomikoarekin lotuta dago heteronormatibitatea, eremu publikoaren nahiz pribatuaren barruan hedatzen dena. Erregimen horren arabera, desira sexualak eta afektiboak ez ezik, norberaren identitatea ere adierazteko modu onargarri eta arrunt bakarra heterosexualitatea da. Heterosexualitateak aurresuposatzen du maskulinoa dena eta femeninoa dena funtsean osagarriak direla desirari dagokionez. Horrek esan nahi du, lehentasun sexualak nahiz gizartearen barruan gizabanakoen artean ezartzen diren harremanak eta rolak ‘maskulinoa-femeninoa’ bikoaren arabera gertatuko dira, eta ‘sexu biologikoak’ beti bat etorri behar du genero-identitatearekin eta generoari sozialki esleitzen zaizkion desirekin.

Ildo horretan, erregimena hausten duten eta erregimenetik kanpo dauden portaera, lehentasun eta identitate guztiek (esate baterako, emakume lesbianak, gizon gayak, transexualak eta transgeneroak) egoera marjinalean daude sistema heteronormatiboaren barruan, eta, hortaz, hainbat mekanismoren bitartez diskriminatzen, ikusezinak bihurtzen eta jazartzen dira. Mekanismo horiek osasun- eta erlijio-arloko lege, zehapen, jarraibide eta abar gisa instituzionalizatzen dira eta sozialki barneratzen dira ohitura, praktika eta hain hedatuta dauden arau sozial gisa, eta horiek hartzen dira ohikotzat. Elementu horiek guztiek arriskuan jar dezakete araua hausten duten pertsonen bizitza, eta ihes- nahiz erbesteratze-egoerak sor ditzakete.

Hala eta guztiz ere, esan behar dugu heteronormatibitateak ere eragiten diela, inplizituki bada ere, jokabide eta lehentasun arau-emaileak dituzten eta, hortaz, erregimenaren barruan dauden pertsona guztiak. Hori horrela da, beren portaerak eta ekintzak aldaezin gisa azaltzen diren hainbat rol espezifikoren barruan sartzeko joera baitute. Rol horietatik abiatuta ezartzen dira mugak, pertsona horiek bizi diren gizarteetan, ezarritako eskemak aukeratzeko edo hausteko benetako aukerarik izan gabe gizaki gisa gara daitezkeen mugak, hain zuzen ere.

Hori bereziki nabarmena da emakume heterosexualen kasuan; izan ere, hainbat jokabide-parametro esleitzean beren berdin maskulinoen mendean kokatzen zaie gizartearen eremu guztietan, hala nola, lanean, familian, eta abar. Egoera hori arinki azaltzen da gizarte gehienetan, baina mekanismo horiek bortitzak dira oso patriarkalak diren gizarteetan, eta gogor hausten dituzte ezarri zaizkien mugak gainditzen saiatzen diren emakumeen eskubideak. Horixe da
ezkontza behartuaren eta indarkeria matxistaren kasua, bi horiek egoera jakin batzuk sortzen dituzte eta egoera horietan rolak haustea oso zigortuta dago, jazarpena eta ihesa eragiten dute, LGTTBI kolektiboaren kasuan gertatzen den bezala.

Print Friendly

Bibliografia

  • CEAR-Euskadi (2009): Genero-arrazoiengatiko jazarpena eta asilo eskubidea: testuinguru globaletik tokiko konpromisora. Espainiako asilo-sistema, emakumeen eta lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen giza eskubideen urraketari dagokionez. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo.

  • Coll-Planas, G. (2010): La voluntad y el deseo. La construcción social del género y la sexualidad: el caso de lesbianas, gays y trans. Egales argitaletxea, Madril.

  • NAHIA (2013): Los deseos olvidados: Genero eta sexu aniztasun ikuspegia Garapenerako Kooperazioan, Hiritartasun Globalerako Hezkuntzan eta etorkinek eta errefuxiatuek dituzten GGEEen sustapenean eta babesean, Bilbo