Europako Asilo Sistema Bateratua (EASB)

||

Errefuxiatuen eta asilo-eskatzaileen giza eskubideak errespetatuko direla bermatzen duen Europa mailako babes-sistema zuzen eta eraginkor bat ezartzeko asko geratzen da egiteko oraindik. Nazioarteko babeseko eskaera kopuruaren desoreka hori eta Europar Batasuneko herrialdeen artean dauden emakida-ehunekoen desberdintasunak asilo-politika bateratuaren geldotzearen sintomak dira. Nazioarteko babes-prozeduran zehar eskatzaileen eskubideen, erabaki-hartzearen kalitatearen eta harreraren baldintzen eraginkortasuna oso desberdina da Estatuen artean, eta hainbat kasutan nazioarteko eta Europako estandarren azpitik dago. Mediterraneoko bi herrialdetan, hau da, Espainian eta Italian, asilo-eskaerak nabarmen jaitsi izana politika europarren segurtasun-ikuspegiaren isla da. Gainera, FRONTEXen jarduera areagotzen denean errefuxiatuek mugak gainditzeko garaian dituzten oztopoen gehikuntza agerian uzten du. Siriako errefuxiatuek Europar Batasunean asiloa eskatzeko dituzten zailtasuna, nazioarteko babesaren alorrean politika bateratu baten benetako aplikazioaren beste adibide on bat da. Europar Batasunera iristen diren errefuxiatuen jatorriko herrialdeetako bat bihurtu da Siria, baina kopuru hori oso txikia da herrialde mugakideetan gelditzen direnekin alderatuta. Estatu espainolak eta Erresuma Batuak nazioarteko babesa behar duten Siriako pertsonentzat igarotza-bisatu bat ezarri izana ez dator bat Batasuneko beste herrialde batzuen praktikarekin, eta arazo humanitario global baten aurrean hartutako aldebakarreko erabakia da. Grezian asilo-eskaeren onarpen-tasa % 0tik hurbil dago, eta etorkinek eta errefuxiatuek tratu ankerra jasaten dute, nazioarteko erakundeetan atentzioa eman duen tratua. Maltan bisaturik ez duen atzerritar oro, asilo-eskatzailea izan ala ez, espetxeratuta egon daiteke 18 hilabetera arte. Itzulera Zuzentaraua indarrean jarri aurretik, denbora hori mugagabea zen. Europar Batasunak neurri eraginkorrak hartu behar ditu, bere araudian bilduta dauden printzipioek giza eskubideak errespetatzen direla berma dezaten eta Estatu kideetan asilo-prozedurak eta -politikak modu koherente eta bateratuan aplika daitezen zaintzeko.

Bibliografia

  • Garciandía, R.: El sistema europeo común de asilo: propuestas de reforma de la regulación vigente. In: http://www.academia.edu/

  • CEAR (2013): La situación de las personas refugiadas en España. Informe 2013. Espainiako Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea. Los libros de la catarata, Madril.

  • UNHCR (2013): Avanzando hacia un sistema europeo común de asilo. Comunicado sobre el paquete legislativo de asilo de la UE. UNHCR - Europarako Bureau-a, 2013ko ekaina.