Indarkeria matxista

||

Indarkeria matxista honako hau da: emakumeen, nesken eta arautegitik kanpoko genero-identitatea eta/edo sexualitatea duten pertsonen duintasunari, estimuari eta osotasun fisiko eta mentalari kaltea eragiteko laguntzen duten ekintzak. Egiturazko indarkeria mota bat da, gizarte guztietan eta gizartearen eremu guztietan azaltzen delako, nahiz eta maila desberdinetan gertatzen den eta mekanismo desberdinak erabiliz, hainbat gairen arabera, hala nola arraza, maila eta talde etniko jakin baten partaide izatea.

Indarkeria hori patriarkatuak ezartzen duen desberdintasunaren adierazpena da, eta, era berean, patriarkatuaren jarraipena bermatuko duen tresna da. Hiru eremuren bitartez antolatzen da: indarkeria sinbolikoa, aurreiritziak eta idearioa sortzen duena; egiturazko indarkeria, diskriminazioa bermatzen duten erakunde guztiekin; eta indarkeria materiala, zuzeneko indarkeriaren adierazpen zehatz guztietan. Halaber, “maskulinoa dena” “femeninoa denaren” gainetik eta bi kategoria horietan sartuta ez dauden genero-identitate guztien gainetik gailentzea indartzen, legitimatzen eta errepikatzen laguntzen duen bitartekoa da.

Eremu pribatuan ematen den indarkeria matxista gehien hedatuta eta gutxien ikusten dena da, nahiz eta azken urte hauetan hainbat ahalegin egin diren hura identifikatzeko eta hari aurre egiteko. Familian edo afektuzko harremanean gertatu ohi da; egilea zeregin maskulino menderatzailea hartzen duena izaten da eta gauzatzen dituen indarkeriazko ekintza horiek zeregin horretan oinarritzen ditu. Indarkeria fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa, lan-arlokoa eta/edo sexuala izan daiteke.

Era berean, esan behar dugu LGTTBIen aurka gauzatutako indarkeria matxista indar handiz sartzen dela eremu sozialetan eta onarpen-maila handia duela, eta, askotan, estatuko erakundeek eta gizarteak orokorrean ez dutela kontuan hartzen edo modu irekian sustatzen dutela.

Print Friendly

Abusu horiek guztiak, hain larriak eta iraunkorrak izateagatik, dira abusu horiek pairatzen dituzten pertsonek ihes egitea eragiten duten kausa nagusietako bat, pertsona horien inguruneak ez direlako seguruak eta mehatxatzaileak direlako beren bizitzarako eta segurtasun pertsonalerako, eta estatuaren babesik ez dutelako. Gai hori bereziki garrantzitsua da asilo-eskubidean; izan ere, egiten diren eskaera askotan indarkeria matxistak eragindako abusu espezifikoko hainbat mota argudiatzen dira jazarpenaren arrazoi nagusi gisa. Horregatik, Espainian aurkeztutako asilo-eskubide gehienek adierazten dute babesa bilatzeko indar eragile nagusia beren familietan bizi izandako indarkeria matxistaren egoera onartezina izan zela. Era berean, LGTTBIek hainbat indarkeria mota aipatzen dituzte, beren inguruneetan askoz ere orokortuagoak eta instituzionalizatuagoak daudenak, asiloa eskatzeko garaian.

Bibliografia

  • Píkara Magazine (2013): Glosario Feminista. Honako webgune honetan: http://glosario.pikaramagazine.com/inicio.php?lg=es&sec=inicio

  • CEAR-Euskadi (2009): Genero-arrazoiengatiko jazarpena eta asilo eskubidea: testuinguru globaletik tokiko konpromisora. Espainiako asilo-sistema, emakumeen eta lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen giza eskubideen urraketari dagokionez. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo.