Genero-arrazoiengatiko jazarpena

||

Egungo Asilo Legeak “generoaren edo sexu-orientazioaren” arrazoiengatiko jazarpena asilo-kausatzat hartzen du. Onespen formal horrek aurreko legeriarekiko bilakaera bat dakar. Nolanahi ere, beste jazarpen-kausekin (arraza, erlijioa, nazionalitatea, talde soziala eta iritzi politikoak) gertatzen den ez bezala, adierazten du ‘generoak’ eta ‘orientazio sexualak’ berez ezin dutela jazarpena sorrarazi, baizik eta “jatorriko herrialdean nagusi diren zirkunstantzien” araberakoa izango dela. Pertsona bat errefuxiatu gisa onesteko, susmo sendoa pairatu behar izan du eta frogatu egin beharko du eta haren ingurunean ihesa justifikatuko duten zirkunstantziak izan beharko dira. Nolanahi ere, gertaera horiek ez dute zertan “jatorriko herrialdean nagusi diren zirkunstantziak” izan. Kezkagarria da Erkidegoko herritarrak Espainian asiloa eskatzeko eskubidetik kanpo uztea. Murrizketa horrek inpaktu berezia du emakumeengan eta LGTTBIengan, Europar Batasuneko estatu kideetan jazarpena pairatzen baitute. 2009. urtetik aurrera, kendu egin da, halaber, Espainiako Diplomaziako Misioetan eta Kontsularen Bulegoetan asiloa eskatzeko aukera. Bide horrek eragin praktikoa besterik ez zuen, baina babesa lortzeko tresna garrantzitsua zen. Emakumeen eta LGTTBIen kasuan, kalteberatasuna eta diskriminazioa oso handiak dira herrialde seguru baterantz igarotzeko bidean. Hala eta guztiz ere, ezin dira aipatu gabe utzi Legeak ekarri dituen aurrerapen batzuk ere, genero-arrazoiengatik jazarritako pertsonei asilo-eskubidea onesteaz gain (mugekin bada ere). 2009. urtean, Asilo Legeak esanbidez aipatzen ditu estatukoak ez diren agenteak “jazarpen-agenteak edo kalte larriak eragindako agenteak” deiturikoen artean. Urrats hori oso garrantzitsua da eremu pribatuan jazarpena pairatzen dutenentzat. Legeak, halaber, aurreikusten du asilo-elkarrizketan “sexuaren araberako tratu desberdina” ematea, behar izanez gero; eta esaten du kontuan hartuko direla kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen egoera espezifikoak; pertsona horien artean, “torturak, bortxaketak edo indarkeria psikologikoaren edo fisikoaren edo sexualaren bestelako modu larriak pairatu dituzten pertsonak eta haurdun dauden emakumeak eta gizakien salerosketaren biktimak” sartuko dira. Legean biltzen da, gainera, babes-estatutua jaso duten pertsonek aukera izango dutela estatutu hori familiako gainerako kideei hedatzeko, eta, horretarako “bikotekidea edo afektibitatezko harremanaren antzeko harremana eta bizikidetza dela medio lotutako pertsona” onesten da. Hori ere funtsezko ñabardura da LGTTBIentzat; izan ere, pertsona horiek beren jatorriko herrialdeetan ez dute ezkontzeko eskubiderik. Baina aplikazio praktikoaren errealitatea da oraindik ere ukatu egiten direla genero-arrazoiengatiko asilo-eskubide gehienak. Ildo horretako gai oso larrien artean sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimentzako asilo-eskubidea sistematikoki ukatzea dago; eta LGTTBIen eskaerak ez onartzea eta ukatzea diskrezio-betekizuna argudiatuz.

Bibliografia

  • HAINBAT EGILE (2010): Yogyakartaren printzipioak. Sexu orientazioari eta genero identitateari buruzko giza eskubideen nazioarteko legeak ezartzeko printzipioak. Argitaratzailea: ALDARTE, Bilbo

  • CEAR-Euskadi (2009): Genero-arrazoiengatiko jazarpena eta asilo eskubidea: testuinguru globaletik tokiko konpromisora. Espainiako asilo-sistema, emakumeen eta lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen giza eskubideen urraketari dagokionez. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo.

  • CEAR-Euskadi (2014): Asilo-eskubidearen esparruan Jatorriko Herrialdeari buruzko informazioaren gaineko lineako gida. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo. http://cear-euskadi.org/guia/

  • Coll-Planas, G. (2010): La voluntad y el deseo. La construcción social del género y la sexualidad: el caso de lesbianas, gays y trans. Egales argitaletxea, Madril.

  • NAHIA (2013): Los deseos olvidados: Genero eta sexu aniztasun ikuspegia Garapenerako Kooperazioan, Hiritartasun Globalerako Hezkuntzan eta etorkinek eta errefuxiatuek dituzten GGEEen sustapenean eta babesean, Bilbo

  • Jansen, S.; eta Spikjerboer, T. (2011): Huyendo de la Homofobia. Argitaratzailea: Amsterdameko Vrije Unibertsitatea, Amsterdam.