Garraiolarien betebeharrak

||

Atzerritarrei buruzko Legean garraiolarien hainbat betebehar txertatu ziren; betebehar horiek erreformen bitartez eta Europako Zuzentarauei jarraiki zabaldu ziren, eta arauaren 66. artikuluan biltzen dira.

Schengengo Esparrutik kanpoko eremuetatik datozen bidaiariak kontrolatzera bideratutako betebeharrak dira; hau da: Europar Batasunean eta Europako Esparru Ekonomikoan (handiagoa da EB baino) sartuta ez dauden herrialdetatik datozenak, eta aipatu ditugun Estatuetako herritarrentzat aurreikusitako erregimen juridikoa zabaltzen duen nazioarteko hitzarmenen bat sinatu ez duten herrialdeetatik datozenak kontrolatzeko.

Garraio-enpresa edo -konpainia eta garraiolari oro honako hauek egitera behartuta dago (66.3 art.):

  • Pasaporte, bidaia-titulu eta antzeko dokumentuak balekoak direla eta indarrean daudela egiaztatzera, bai eta bisak ere.
  • Sarrerako kontrolaz arduratzen diren Espainiako agintariei informazioa bidaltzera, Espainiara aurretiaz zein bidaiari garraiatu eta bidaiari horiek erabili gabeko itzulerako txartel-kopuruaren gainean; garraioa izan daiteke iraganbidekoa nahiz Espainiara heltzeko (66.2 art.). Agintariek bidaiari bakoitzaren izen-abizenak, bidaiari horien jaiotza-data, naziotasuna, pasaporte-zenbakia edo horien nortasuna egiaztatzen duen bidaia-agiriaren zenbakia ere eskatu ahal izango dute.
  • Berehala arduratu beharko da Espainiako lurraldeko mugaraino garraiatu duen atzerritarraz: a) baldin eta atzerritar horri Espainian sartzea ukatu bazaio, muga igarotzeko behar diren agirietan gabeziak izateagatik; b) xede-herrialdeko agintariek atzerritarrari sarrera ukatu badiote, eta atzerritarra Estatu espainolera itzularazi badute, betiere Estatu espainola iragaitzazko herrialde izanik.
  • Bi kasu horietan, atzerritarra bidaia egiteko erabili duen bidaia-agiria eman duen estaturaino eraman beharko du, edo bestela, edo atzerritar hori onartzea eta atzerritar horri giza eskubideekin bat datorren tratua ematea bermatzen duen beste edozein estatutaraino.

    Paragrafo honetan ezarritako kasuen ondorioz, atzerritar bat ardurapean duen konpainiak, garraio-enpresak edo garraiolariak bizitza-baldintza egokiak bermatu beharko dizkio atzerritar horri, bere ardurapean dagoen bitartean.

    “Migrazio-fluxuen kontrolaren” aitzakiarekin, “legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko” eta “segurtasun publikoa” babesteko asmoz, Legearen arabera, agintariek bidaiariei buruzko informazio gehiago eskatu ahal izango diete konpainiei. Informazio hori sarrerako kontrolaz arduratzen diren Espainiako agintariei helaraziko zaie, esanbidez eskatzen dutenean (66.1 art.).

    Betebehar horiek ez badira betetzen, 10.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna jaso daiteke, bidaiari bakoitzeko edo oroharreko prezioan, eta guztira 750.000 € ere izan daitezke. Gobernu-agintaritzak, gainera, garraiobidea ibilgetzea edo konfiskatzea erabaki dezake, edo garraiobide hori ustiatzeko baimena behin-behineko etetea edo kentzea.

    Artikulu horretan xedatutakoa Ceuta edo Melillatik abiatu eta Espainiako beste edozein lurraldetarako garraioaren kasuan ere aplikatu behar da.

    Pertsona bat mugaraino eramatea ez da arau-haustetzat hartuko baldin eta pertsona horrek asilo-eskaera aurkezten badu atzerapenik gabe eta eskaera izapidetzea onartzen bada, Asilo Legean xedatutakoari jarraiki.

    Print Friendly

    Bibliografia

    • 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoa.

    • CEAR-Euskadi. (2010). Behartutako lekualdaketak: Giza Eskubideak Asilo Eskubidearen ikuspuntutik. Errebindikazioak eta aldaketa-proposamenak. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo.